Axaria jaisteko zain daude Idiazabalen
Axaria Idiazabalgo udaletxeko bakoian.Idiazabalgo Udala Axaria jaisteko ordu gutxiren faltan, hasita daude Idiazabalen San Blas jaien bigarren asteburu honetaz gozatzen. Gaur Kandelaria eguna izanik jai eguna dute, eta atzo ekin zioten berriz, jaietako egitarauari.
Guraso elkarteak antolatutako ohiko playbak saioak eman zion hasiera atzo arratsaldean ekintza sortari. Igarondo pilotalekuan egin zuten, eta ondoren, txokolate jana izan zen. Kantu Jira taldeak jai giroa eraman zuen herriko kaleetara, 19:00etan hasi zuten kantu poteoarekin. Ordu berean jokatu zen futbitoko kantxan, Idiazabalgo futbito txapelketako finala Beertrunken eta Moreda taldeen artean. 6 eta 2 irabazita, Beertrunken izan da aurtengo txapelduna. Aipamen berezia merezi dute baita, Imanol Irazustabarrena eta Iñigo San Pedro jokalariek ere. Haiek izan dira aurten jokalari golegileenak, 21 gol banarekin.
Egunari amaiera emateko, Starblues taldearen eta Muni ZZ raperoaren kontzertuak izan ziren frontoi zaharrean.
Binakako pilota txapelketa
Jaietako egitarautik kanpo, bihar jokatuko den binakako pilota txapelketako kanporaketarako pilotak hautatzen izan ziren 13:00etan Igarondon, Elordi, Rezusta, Artola eta Imaz pilotariak. Profesionalen arteko pilota partidak 17:15ean hasiko dira, bihar, Igarondo pilotalekuan. Bigarren mailako binakako txapelketa jokatuko da aurrena, Larrazabal-Eskiroz, Exposito-Gaskueren kontra. Lehenengo mailako binakako pilota txapelketetako kanporaketa Elordi-Rezusta eta Artola-Imaz bikoteen artean jokatuko da.
Gaur, 13:00etan jaitsiko da Axaria udaletxeko balkoitik eta Aldaize herri aldizkariko lan taldeak izango du pregoia irakurtzeko ardura. Jaiak asteburu guztian zehar luzatuko dira, igandean, 20:30ean Axariaren igoerak festen amaiera iragartzen duen arte.
Ikusi hemen, San Blas jaietako egitaraua osorik.
- Starblues taldea, atzo, frontoi zaharreko oholtza gainean.
- Playback saioa Igarondo pilotalekuan.
- Beertrunken eta Moreda taldetako kideak, finala jokatu ostean.
- Elordi, Rezusta, Imaz eta Artola Igarondon, pilota hautaketan, atzo eguerdian.
Argazkiak: Idiazabalgo Udala
















