Euskarak ere ahalduntzen ditu emakumeak
Jatorri askotako emakume talde bat euskara ikasten ari da Legazpiko Udal Euskaltegian, Urola Garaiko Jabetze Eskolaren babesean. Empalabramiento proiektua da.
Legazpiko Udal Euskaltegiko gela batek Babel dorrea dirudi, ikasleen jatorriari eta hizkuntzari erreparatuta. Marokokoak, Saharakoak, Senegalgoak, Pakistangoak, Bangladeshekoak… dira, eta arabiera, urdua, amazigera edo berberea, bengaliera edo bangla, wolofa… hitz egiten dute.
Guztiak emakumeak dira, eta Urola Garaia Mankomunitateko Berdintasun sailaren ekimenez martxan dagoen Jabetze Eskolarekin, euskara ikasten ari dira, Empalabramiento deitu duten proiektu baten barruan.
Empalabramiento proiektua 2022an urrian jarri zuten martxan, emakumeei gaztelaniazko hitzaren bitartez ahalduntzeko bidea erraztuz. Legazpin sortu zen taldearekin harago joan ziren, eta euskarazko klaseak eskaini zitzaizkienean, oso harrera ona jaso zuten kideen aldetik. Iazko urrian hasi ziren, Saturnino Telleria 1ean dagoen Emakumeen Etxean. Gero, Udal Euskaltegira igaro ziren.
Hitzarekin ahalduntzea
Lehen ikasturte honetan 17 ikasle izan dira taldean, bajak eta altak kontuan hartuta, eta Idurre Lekuona da irakaslea. Hizkuntzaren bidez, euskararen bitartez ahalduntzea da ikastaro berezi honen helburua, eta horregatik Hitza Hartu eta hitza hartzeko tailerra deitu du proiektua Lekuonak. Urrian hasita, euskara ikasteko elkartzen dira emakume horiek, astean behin, ostiraletan bi orduz. Ekainean amaituko dute ikasturtea.
Ikastaroak 60 orduko iraupena du, «ez dira asko, oso gutxi dira edozein ikaslerentzat, eta ikastaroa antolatzean kontuan hartu dugu ikasleen nahiak zeintzuk diren. Euskara ikasteko duten motibazioa batez ere seme-alabak laguntzea da, etxeko lanak egiten laguntzea eta egiten dutena ulertzea. Gainera, hemengo hizkuntza delako ere ikasi nahi dute, integratzeko modu bat delako». Eguneroko bizimodua errazteko ere baliagarria delako ikasi nahi dutela gehitu du Lekuonak: karteletan jartzen duena ulertzeko, formulario bat betetzeko gai izateko…
Empalabramiento 2022an jarri zuten martxan, hitzarekin ere ahalduntzeko
Hori kontuan hartuta, euskaltegiak jarri duen helburua da «gauza txiki horiek» egiteko gai izateko laguntzea. Horrela, «agurrak bezalako kortesiazko hitzak, eskerrak nola eman, zer esan behar den norbaitek urteak betetzen dituenean…» erakusten ari dira. Horrez gain, «bere buruaz hitz egiteko gauza izateko, norbere burua aurkezteko» ere lanean ari dira. Batzuk eskatuta, herriko komertzioetan erosketak euskaraz nola egin ere erakutsiko dute aurrerago. «Oinarrizko gauzak dira, gauza xumeak, baina aldi berean, handiak eta oso erabilgarriak».
Elkartrukea
Hori guztia, giro bikainaz lagunduta egiten dute ostiral goizetako saioetan. «Klaseak ahalik eta parte hartzaileenak izaten saiatzen gara, gainera», azaldu du Lekuonak, denek hitz egiten dute eta «ondo pasatzen dugu!».
Elkartrukea ere aipatu du irakasleak, «nik ere ikasten dut; nik euskara erakusten diet, baina ikasleak haien hizkuntza ere erakusten ari zaizkit, arabiera pixka bat ikasi dut dagoeneko!». Hori oso garrantzitsua dela nabarmendu du, «horrela egundoko konexioa lortzen dugulako. Enpatia eta errespetu kontua da». Gela berean hainbat hizkuntza hitz egiten duen jendearekin, «Babel dorre batean gaudela ematen du, eta denok besteen hizkuntzarekiko sentsibilitatea erakusten dugu».
Ikasleak lan handia egiten ari dira, bi hizkuntza ikasten ari direlako aldi berean
Euskarara itzulita, ikasleak lan handia egiten ari direla nabarmendu du Lekuonak, gehienak bi hizkuntza ari direlako ikasten aldi berean, «ez da ahaztu behar gaztelerarekin ere direla». Arabiar jatorria dutenentzat ikasketa zailagoa dela ere esan du, grafia ere aldatu behar dutelako.
«Kristoren ahalegina egiten ari dira guztiak euskaltegira etorrita, etxean ere ardura handiak dituztelako, amak direlako eta seme-alabak dituztelako, bi, hiru, lau, bost… meritu handia dute». Horregatik izaten dira klaseak «xamurrak eta arinak, erosoak senti daitezen».
Eta emankorrak ere bai, Empalabramiento proiektuko euskarazko ikastaro berezi hau hasi eta hilabete gutxitara, ikasleetako gehienak gai direlako, besteak beste, bere burua publikoaren aurrean euskaraz aurkezteko. Horrelako emaitzak ikusita, irakaslea bakarrik ez, ikasleak ere oso pozik daude.
Fatima Cherkaoui. Maroko
«Ni pozik nago Legazpin, eta euskaraz ikasten ere bai»
Fatima Marokokoa da, eta Legazpin bizi da, Urtatza auzoan, 35 urte ditu eta hiru seme-alaba ditu. «Ni pozik nago Legazpin, eta euskara ikasten ere bai». Sei urte daramatza hemen.
Najate Chechaibi. Maroko
«Marokokoa naiz, Fezkoa, baina Legazpin bizi naiz, Arantzazun»
«Ni Najate naiz, Marokokoa naiz, Fezkoa, baina Legazpin bizi naiz, Arantzazun», dio euskara ikastaro berezi honetako beste ikasle honek. 37 urte ditu, eta bi seme ditu. Duela bi urte iritsi zen Legazpira.
Mentou Aissa. Sahara
«Ni Saharakoa naiz, eta Legazpin bizi naiz, Laubiden. 49 urte ditut»
Sahararra da Mentou Aissa, Tin duffekoa. «Legazpin bizi naiz, Laubide auzoan, eta 49 urte ditut». Lau seme ditu Mentouk, eta duela bi urtetik bizi da Legazpin.