Hartu Arte taldeak kontzertua iragarri du martxoaren 9rako
Legazpiko musika taldeak 2020an egin nahi zuen 25. urteurreneko kontzertua egingo du Azokan, Parabellum taldearekin batera. Sarrerak aurrerago jarriko dituzte salgai.
Legazpiko musika talde mitikoetako bat den Hartu Arte oholtzara itzuliko da martxoaren 9an, 2020an pandemiagatik ospatu ezin izan zuen 25. urteurrena ospatzeko. Parabellum talde ezagunarekin joko du, Azokan, 22:00etatik aurrera. Arratsaldean Elektro Txufla elektrotxaranga izango da Legazpiko kaleak girotzen.
Hartu Arte 1996an sortu zuten Unai Manso abeslariak, Beñat Aierbe, Endika Agirregabiria eta Iker Konejo gitarra jotzaileek, Asier Altzelai baxu jotzaileak eta Aitor Trejo bateria jotzaileak.
Martxoaren 9an egingo duten kontzertuarekin, taldeko jarraitzaileak ziren eta 2020 urtean bertan behera geratu zen urteurreneko hura antolatzen lagundu zieten Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi omenduko dituzte. Horregatik deitu dute ospakizuna Hartu Arte bete bihotz.