Legazpiko EH Bildu kezkatuta dago udal gobernu taldearen "norabide ezarekin"
Udal aurrekontuen balorazioa egin du, eta koalizioak diru kontuei egindako ekarpenak onartu izana "positiboki" baloratu du. Aldi berean, "gobernantza ikuspegitik pauso gehiago emateko beharra" dagoela nabarmendu du.
Urteko lehen hilabetea igaro eta gero, Legazpiko EH Bilduk udal aurrekontuen balorazioa egin du, eta gobernu taldearen “norabide ezak, epe motzeko ikuspegiak eta ikuspegi estrategiko faltak” kezkatzen duela esan du. Gainera, “gobernantza ikuspegitik pauso gehiago emateko beharra” dagoela ere nabarmendu du.
Balorazio horren berri emateko atzo prentsaurrekoa eman zuten Edurne Gonzalez, Ibon Altzelai, Maria Sarasola, Igor Romaratezabala eta Jon Jauregi zinegotziek.
2024rako udal aurrekontuak joan den urteko abenduaren 22an onartu ziren EAJren eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Legazpiko Berdeen abstentzioarekin. EH Bilduk hainbat ekarpen egin zituen, eta guztiak onartu izana “positiboki” baloratu du. Ekarpen horiei esker, osasuna, erronka eko-soziala, zaintza, berdintasuna, kultura eta etxebizitza agenda politikoan kokatu direla azpimarratu dute.
Hainbat ekarpen, eta bost erronka
EH Bilduren ekarpenek herriak dituen bost erronkei erantzuten dietela ere azaldu dute. Osasuna, elikadura burujabetza, zaintza, berdintasuna eta kultura alorreko erronkak dira.
Gizarte osasuntsuarena da erronketako bat, eta horri aurre egiteko, herritar guztiei zuzenduta ohitura osasuntsuen zerbitzua abiatzea proposatu dute, non osasun zerbitzuak eta herriko kirol eragileak elkarrekin arituko diren
Elikadura burujabetzea ere erronkatzat dute, eta hori lortzeko pausuak eman behar direla diote, besteak beste kontsumo taldeekin eta herriko nekazariekin elkarlanean elikagunea sortuz. Lur sailak erostea ere proposatu dute, “biodibertsitatea kontserbatzeko helburuz”.
Zaintzaren erronkari dagokionez, Legazpiko zaintza ekosistema sortzea proposatu dute, eta zaintza sistema eraldatzeko prozesua abiatu nahi dute, “zaintza sistema publiko eta komunitario bat behar dugulako”.
Berdintasunaren alorrean, gizarte larrialdietarako laguntzak handitzea eta pobrezia energetikoari aurre egiteko diru laguntzak sortzea proposatu dute.
Azkeneko erronka kultura, ingurumena eta etxebizitza ingurukoa da, eta horren baitan, Azpikoetxe-Papelera gunea birgaitzea proposatu dute, bertan etxebizitza parke bat, kultur gune bat eta berdeguneak sortzeko.
Parte hartze prozesuak
Bestalde, Udal gobernu taldeak parte hartzea ulertzeko duen modua kritikatu du EH Bilduk, eta Legazpi Eraikiz programa aipatu dute bereziki, bertan jasotako ekarpenak jaso eta sailkatzeko moduak ez duelako “inolako irizpiderik” eta ez direlako “Legazpiko behar errealen ispilua”.
Parte hartzea “herritarrekin batera eraikitzea da, herritarrak parte hartzeko ahalduntzea, aurretik lehentasunak eta irizpideak adostea. Adostasuna, elkarrizketa eta eztabaida dira gakoak, eta ez proiektu edo kokaleku bat bozkatzea. Gobernu kooperatiboak eraiki behar dira, eta ez norbanakoen arazoak konpontzera bideratutakoak”.
Horren guztiaren aurrean, EH Bilduren lehentasuna “legazpiarren bizitza hobetzea da, eta izango da”, eta “orain arteko jarrera aktibo eta eraikitzaileari” eutsiko diote. Ekarpenak egiteaz gain, “udal gobernuaren jardunaren jarraipen zorrotza” egiten jarraituko duela iragarri du.