Legazpiko Herria Antolatzeko Plan Orokorraren lehen aurkezpena egingo du gaur udalak
Kultur Etxean izango da, 18:00etan, eta herritar guztiei dago zuzenduta. Dokumentu horrek «datozen urteetako Legazpiren oinarriak diseinatuko dituela" kontuan hartuta, herritarrekin landu nahi du udalak. Otsailean bi bilera gehiago egingo ditu.
Legazpiko Udalak gaur abiatuko du HAPO edo Herria Antolatzeko Plan Orokorra herritarrekin lantzeko parte hartze prozesua. Dokumentuaren aurrerapena onartuta dago, eta horren informazio publikoaren epearen barruan, lehen aurkezpena egingo du gaur, Kultur Etxean, 18:00etan. Bertan, aurrerapen dokumentuaren edukia eta plana onartzeko falta diren pausoak azalduko dituzte, besteak beste.
HAPOk «datozen urteetako gure herriaren oinarriak diseinatuko dituela» kontuan hartuta, udalak herritarrekin landu nahi du dokumentua, eta gaurko lehen saio honetara eta otsailean zehar egingo dituen beste bi bileretara joateko deia egin die legazpiarrei.
Bi bilera otsailean
Gaurko aurkezpenaren ondoren, bilera gehiago egingo ditu udalak, «plana aberastuko duten ikuspegi anitz jasotzeko». Hilaren 19an izango da lehena, eta hilaren 21ean bigarrena. Bi saioak Kultur Etxean izango dira, 18:00etan. Bilera irekiak izango dira, eta «aurrerapenaren edukiaren funtsezko gaiak eta etorkizuneko planaren irismena jorratzeko» helburua izango dute.
Bestalde, «adostasun zabalak lortzeko eta ekitatean eta gobernantzan irabazteko», saio bereziak ere egingo dituzte gazteen eta adinekoen ikuspuntuak jasotzeko, eta genero ikuspegian sakontzeko.
Legazpiko Herria Antolatzeko Plan Orokorraren aurrerapen dokumentua urtarrilaren 22an onartu zuen Udal Gobernu Batzordeak, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ostean. Orain, bi hilabetez jendaurrean egongo da. Agiria www.legazpiplanorokorra.eus webgunean kontsultatu daiteke, eta bertan, prozesuari eta deialdiei buruzko informazio guztia ere zabalduko da.
Aurrerapen dokumentu hori jendaurrean dagoen epean, legazpiar guztiek izango dute aukera iradokizunak eta ekarpenak egiteko. Iradokizun eta ekarpen horiek udal erregistro bidez aurkeztu beharko dira, udaletxeko HAZen, edo www-legazpi.eus webgunean.