Dikar-Andraitz taldea, mailaz igotzeko gertu
Haur mailako neskek larunbatean dute Urrezko kategoriarako pasea eman diezaiokeen partida erabakigarria. Bikuña kiroldegian izango da, 17:00etan.
Andraitz saskibaloi klubeko haur mailako neskek partida garrantzitsua dute larunbatean Bikuña kiroldegian, maila igoera lortu dezaketelako. Dikar-Andraitz da Legazpiko taldea, eta Ostadar taldearen aurka du norgehiagoka, 17:00etan.
Dikar-Andraitz taldea Zilarrezko errendimenduaren kategorian lehiatzen ari da, eta joan den astean txapelketako lehen fasea amaitu zuen, bere kategoriako lehen postua lortuta, eta jokatu dituen partida guztiak irabazita. Lehen fase hori amaituta, Promo izeneko partida jokatuko da, eta bertan Zilarrezko kategoriako lehen sailkatua eta Urrezko kategoriako seigarren sailkatua neurtuko dira, Dikar-Andraitz eta Ostadar, hurrenez hurren. Irabazleak Urrezko kategoriako txapelketako bigarren fasea jokatuko du. Horregatik da garrantzitsua partida hori legazpiarrentzat, garaipena lortuz gero, denboraldi honetako helburuetako bat beteko duelako, hau da, mailaz igotzea.
Andraitzeko ordezkariek saskibaloi zaleei dei egiten die Legazpiko jokalariak animatzera joateko.