Hasi dira inauteriak Legazpin
Doinua musika eskolako ikasleek kalejira egin dute buruhandiz mozorrotuta, herriko buruhandien eta erraldoi txikien laguntzarekin. Bihar ikastetxeen desfilea izango da arratsaldean, eta Lintxen etorrera ospatuko da ondoren. Igande iluntzera arte luzatuko dira festak.
Ostegun Gizenarekin batera, lehertu da mozorroen festa Legazpin. Gaur hasi eta igandera arte luzatuko dira inauteriak.
Doinua musika eskolako ikasle txikienen eta hainbat musikariren eguna izan da gaurkoa. Euriari aurre eginez, ohiko kalejira egin dute herriko erdigunean buruhandiz mozorrotuta eta luxuzko laguntzeak alboan zituztela: herriko buruhandiak eta erraldoi txikiak. Plazaraino joan da lehenik konpartsa berezi hori, eta udaletxeko balkoian egindako ekitaldi batean, inauterien hasiera irudikatzeko buruhandi mozorroa oparitu diote alkateari. Ondoren, musika eskolara itzuli dira gero, euripean, eta han amaitu da gaurko festa.
Legazpiko inauteriek bihar izango dute segida, mozorroen egun handiarekin. Ikastetxeen desfilearen eguna da, besteak beste, eta aurten berrikuntzak izango ditu ekitaldi horrek. Izan ere, hiru ikastetxeetako ikasleek bi dantza egingo dituzte batera plazan, desfileari amaiera emateko.
Biharko desfilea, 16:00etan
Ikasleen mozorro desfilea 16:00etan hasiko da. Haztegi ikastolakoak ordu horretan irtengo dira jolastokitik eta Kale Nagusitik Euskal Herria plazara joango dira. Domingo Agirre eskolakoak 16:15ean Urbeltz pilotalekutik irtengo dira, bertan urteroko jaialdia egin eta gero, eta Olazabaleko ikasleekin batera Plazaola kaletik Kale Nagusira joan, eta plazaraino joango dira. Han elkartuko dira 16:40 inguruan, eta ikasle guztiek bi dantza dantzatuko dituzte elkarrekin. 17:00etan Lintxi ongi etorria egiteko ekitaldia hasiko da.
Eguraldi txarrarekin desfilea bertan behera geratuko da. Haztegi ikastolakoek kiroldegian dantzatuko dute, Domingo Agirrek Urbeltzen egingo du jaialdia, eta Lintxi Azokan egingo diote ongi etorria 17:00etan.