Irakurketa errazeko taldea sortu dute Ordizian
Otsailaren 20an egingo dute lehenengo saioa, 10:30etik 12:00etara. Barrenan eman behar dute izena parte hartu nahi dutenek. Monica Leivak gidatuko ditu saioak.
Irakurtzeko zailtasunak dituztenei zuzendutako irakurketa errazeko taldea sortu dute lehendabiziko aldiz Ordizian. Gaur aurkeztu dute egitasmoa taldearen gidaria izango den Monica Leivak, Ekaitz Madariaga kultur teknikariak eta Ainhoa Jimenez Ongizate, berdintasun eta heziketa zinegotziak. Asteartetan izango dira saioak, 10:30etik 12:00etara. Otsailaren 20an izango da lehena. Jordi Sierra i Fabraren La musica del viento liburuarekin emango diote hasiera ekimenari.
Parte hartu nahi dutenek Barrenan eman behar dute izena. Talde mugatua izango da, gehienez 15 lagunekoa. Monica Leivak azaldu duen bezala, zailtasunak dituztenen irakurketa prozesuetan laguntzeaz harago, “herria mugitzeko eta integrazio sozialerako” erreminta izango da, informazioa eskuratzeko eskubidean pausoak emateko. “Foro bat izango da, elkartzeko eta irakurketa beste modu batera helarazteko”. Lan literarioak ez ezik, legeak edota ohar administratiboak ere landuko dituzte, besteak beste.
Talde anitz bat sortzea dute helburu, adin, gaitasun, jatorri zein kulturari dagokionez. “Irakurketa hobetzeaz gain, sozializaziorako espazioa izango da, aukera-berdintasuna bultzatzeko”. Beste baten ikasketa prozesuan laguntza eskaini nahi dutenek ere parte har dezakete. Teknologia eta ikus-entzunezkoak erabiliko dituzte prozesua errazteko, eta partaide bakoitzaren erritmoa errespetatuko dute.