Tuterako polka protagonista, Lurraren Herri Inauterian
Urteroko ohiturari jarraituz, Urretxuko Lurra dantza taldeak Herri Inauteria egingo du bihar. Aurtengoa, 34. urtea izango da. Iparragirre plazan elkartuko dira 09:00etan taldeko dantzariak eta Urretxuko baserrietatik bira egingo dute eguerdira bitartean.
Urtero, euskal inauteri bat hartzen dute gaitzat eta dantzaren bitartez irudikatzen dute. Aurten Tuterako polka dantzatuko dute urteroko baserrietako errondan.
Plazan elkartu eta ohiko brindisa egingo dute, familia argazkia atera eta Etxaburu aldera joko dute. Goizean zehar, Erratzu, Iturbeko, Beibakar, Zabaleta, Mendizabal, Santa Barbara, Agerre eta Ipeñarrieta baserriak igaroko dituzte, guztietan geldialdiak eginez.