Argi Berri elkartearen mus txapelketak 124 bikote elkartu ditu Ordizian
Txapelketaren 45. edizioa da aurtengoa, eta ohi bezala, partidak Urdaneta eskolan ari dira jokatzen 16:30ean hasita. Finala 22:00etarako aurreikusten dute. Lehen saria 2.000 eurokoa da.
Gipuzkoa osotik, Nafarroatik eta Bizkaitik iritsitako 124 bikote elkartu dira gaur arratsaldean Ordizian, Argi-Berri elkarteak antolatutako 45. Mus Txapelketa Azkarrean parte hartzeko. Partaideen artean sei emakumezko bakarrik daude.
Ohi bezala, partidak Urdaneta eskola publikoko aretoetan ari dira jokatzen 16:30ean hasita, eta gauera arte luzatuko dira. Finala 22:00 inguruan jokatzea espero dute.
Irabazleek txapelak eta 2.000 euro jasoko dituzte, txapeldunordeek 1.000 euro, hirugarren sailkatuek 500 euro, eta laugarrenek 250. Bosgarren postutik zortzigarrenera bitartean sailkatzen direnek ere izango dituzte sariak.