Inauteri giro bete-betea Urretxun eta Zumarragan
Eguerdian Iparragirre Balerdi musika bandak kalejira egin du, tartean Iñigo Salegik zuzenduta. Haurrak eta gazteak izan dira arratsaldeko lehen orduetako protagonistak, eta kalean geroz eta mozorro gehiago ikusten dira.
Urretxun eta Zumarragan inauteri giro bete-betea dago egun osoan. Goizean, Lurra dantza taldeak ohiko erronda egin du herriko baserrietan zehar, eguerdian musikak bandak kalejira egin du, eta arratsaldean mozorro ugari atera dira kalera.
Iparragirre Balerdi bandaren inauteri kalejira berezia izan da aurten, Jesus Castillejo zuzendariak tarteka batuta utzi diolako Iñigo Salegiri.
Perkusioa ikasten ari da Salegi, eta bandako kidea da aspaldi. Txikitatik banda zuzentzeko ametsa izan du, eta Castillejok horretarako aukera eman zion Gabonetako kontzertuan. Inauteriko kalejiran ere bihurtu da bandako zuzendari berriz ere.
Arratsaldean, haurrak eta gazteak
Arratsaldean inauteri giroa areagotzen joan da, batez ere haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ekitaldiei esker. Hasteko, dantza saioa egin dute musika eskolako ballet taldeko ikasleek Belokin, eta ondoren, disko festa hasi da Gernikako Arbola plazako aterpean. Kalean, bitartean, geroz eta mozorro gehiago ikusten dira.
Inauteri giroak jarraipena izango du gauean, kalean eta tabernetan.
Bihar, 09:00etan, Lizarriturri txistulari taldeak inauterietako kalejira egingo du.