Lurra dantza taldeko dantzariek Urretxuko baserrietara eraman dute inauteria
Goizean goizetik dabiltza urteroko erronda egiten. Aurten Tuterako polka aukeratu dute dantzarako.
Urteroko inauteri erronda egiten ari da Lurra dantza taldea Urretxuko baserrietan zehar, aurten Tuterako polka dantzatuz. Iparragirre plazan elkartu dira dantzariak 09:00k inguruan, mozorro koloretsu eta alaiak soinean zituztela, eta Etxaburun egin dute lehen geldialdia. Han, dantza egin eta taldeko argazkia atera eta gero, Etxaburu bertako Lourdes Areizagak urtero eskaintzen dien txokolate beroarekin amaitu dute lehen emanaldia, eta betiko ibilbidea egitera joan dira.
Etxaburutik irtenda, Erratzu, Iturbeko, Beibakar, Zabaleta, Mendizabal, Santa Barbara eta Agerre bisitatuko dituzte, eta Ipeñarrieta amaituko dute.