Dikar-Andraitz taldea kategoriaz igotzeko atarian geratu da
Puntu bakar baten aldearekin galdu zuen Lasarteko Ostadar taldearen aurka; denboraldiko lehen porrota izan da legazpiarrentzat. Zilarrezko mailan jarraituko dute neskek, eta orain Gipuzkoako txapelketa jokatzen hasiko dira, kategoria igotzea berriz ere helburutzat hartuta.
Dikar-Andraitz taldeak ez zuen lortu larunbatean zilarrezko errendimenduaren kategoriatik urrezko kategoriarako pasea emango zion garaipena lortzea, eta 62-63 galdu zuen Lasarteko Ostadar taldearen aurka Bikuñan jokatutako partidan. Ondorioz, zilarrezko mailan jarraituko du, eta maila horretako Gipuzkoako txapelketa jokatzen hasiko da orain.
Legazpiko haur mailako nesken denboraldiko lehen porrota izan zen larunbatekoa. Dikar-Andraitzek partida bat bera ere ez zuen galdu zilar mailako lehen fasean, eta lehen postuan amaitu zuen. Larunbatean Promo izeneko partida jokatu zuen Urrezko kategoriako seigarren sailkatua zen Ostadarren aurka, eta puntu bakar bategatik ez zuen lortu kategoriaz igotzea.
Giro bikaina Bikuñan
Bikuña kiroldegian jokatu zen norgehiagoka. Harmailak bi taldeak animatzera joandako jendez beteta zeuden, eta giroa bikaina zen.
Partidaren hasieran, legazpiarren urduritasunak nabaritu ziren, eta bisitariek abantaila txiki bat hartu zuten markagailuan (2-6), baina Andraitzekoek indarberritzen jakin zuten eta lehen laurdenean 17-8ko emaitza izan zuen.
Bigarren laurdenean, Andraitz zentratuago atera zen eta markagailuan abantaila handitzen jarraitu zuen, 13 puntuko aldea lortuz (28-15). Hala ere, Ostadarrek erreakzionatzen jakin zuen, eta 0-11ko partzial batekin markagailua estutu egin zuen 28-26ko emaitzarekin.
Hirugarren laurdenean, Ostadar seguruago atera zen, eta lehenengo 5 minutuetan 8 puntuko errenta lortu zuen (33-41), baina beste behin ere Andraitz hazi egin zen defentsatik, eta erasoan oso ondo asmatu zuen, laurdena 55-48 bukatuz.
Azken laurdenean, Andraitz jokatzen ari zenarekin jabetu zen, eta 7 puntuko aldea mantentzen saiatu zen, baina talde bisitariaren beteranotasunak eta bost minutu falta zirela egindako jaurtiketa hirukoitzak, 57-55ean jarri zuten markagailua. Ostadarrek asmatzen jarraitu zuen, eta bitartean, Legazpiko bi jokalari kanporatu egin zituzten falta egiteagatik. Amaierarako bi minutu falta zirela, alde ia gaindiezina zuten Ostadarrekoek, 57-63, baina Andraitzek indar guztia atera zuen defentsan eta erasoan, eta hamar segundo falta zirela, 62-63 puntura jarri zen. Ez zuten gehiagorako astirik izan.
Bigarren faseari begira
“Pena handiz eta hunkituta” jaso zuten Andraitzeko kideek lehen porrota, puntu baten aldekoa izan zelako bakarrik. Halere, klubeko arduradunek adierazi zutenez, frogatu dute urrezko edozein talderen aurka lehiatu dezaketela. “Bertan botatako malkoek, indar gehiago ematen digute aurrera jarraitzeko, gu Andraitz garelako, eta klub honek legazpiarrak kirolari gisa eta, are garrantzitsuago, pertsona gisa heztearen apustua egiten dugulako”.
Taldea “ikaragarrizko denboraldia” egiten ari da, eta horrela jarraituko dutelakoan daude. Taldekideek eskerrak eman nahi dizkie kiroldegira gerturatu ziren zaleei, gurasoei eta lagunei, “bertan egon zen giroa benetan berezia izan zen, eta indar handia eman zenioten taldeari bukaerara arte borrokatzeko. Asko gozatu genuen partida izan zen”. Ostadar SKT taldea ere zoriondu nahi dute garaipenagatik.
Orain, bigarren faseari ekingo diote. Bost taldeko bi multzo osatuko dira: zilar kategoriako taldeak batetik, eta urrezko zazpigarren eta zortzigarren kategoriako bi talde. Multzo bakoitzeko lehen sailkatua urrezko kategoriara igoko da, eta, beraz, Andraitzek berriro helduko dio aurre kategoriaz igotzeko helburuari.
Bederatzi saskibaloi talde
Andraitz saskibaloi klubak bederatzi talde ditu lehian denboraldi honetan: Senior mutilen bi talde, junior mutilen talde bat, neska eta mutil kadeteen talde bana, haur mailako nesken bi talde (Dikar-Andraitz da bat), haur mailako mutilen talde bat, eta kimu mailako eskolako talde misto bat.