Legazpiko Euskal Herria plazan argi gehiago jarriko dute
Azoka eta Urbeltz pilotalekuaren artekoa da gune ilunena, eta hori bereziki eta plaza osoa gehiago argiztatzeko, argiteria sistema modernoa instalatuko du udalak. Aste honetan hasiko dira lanak.
Legazpiko Udalak argiztapena eta segurtasuna hobetuko ditu Euskal Herrian plazan, Plazaola aldean. Inguru horretan dagoen argiztapen eskasari aurre egingo dio horrela, batez ere nahiko ilun dagoen Azokaren eta Urbeltz pilotalekuaren arteko izkinan.
Plazaren argiteria hobetzeko, ikurrinaren ondoan 12 metroko altuerako zutabe bat jarriko dute, Led teknologiako hamar proiektagailu dituena. Gainera, argi perimetralen ordez errendimendu handiko beste batzuk jarriko dituzte, eta argi klasikoak modernizatuko dituzte udaletxeko izkinetan.
Lanaren aurrekontua 15.346,37 eurokoa da hornidurarako, eta beste 9.674,83 eurokoa exekuziorako. Construcciones MB Antio S.L.L. enpresak egingo ditu lanak, eta Almacenes Electricos Vascongados enpresak hornitu du materiala.