Goierri garaiko Jabekuntza Eskolak ikastaro sorta prestatu du udaberrirako
Ikastaro guztiak doakoak dira, baina parte hartzeko izena eman behar da. Saio gehienak Urretxun dagoen Emakumeen Etxean izango dira, baina Legazpin eta Ezkion ere izango da bana.
Urola Garaia Mankomunitateko Berdintasun arloak antolatzen duen Jabetze Eskolak martxoa eta ekaina bitarteko egitaraua jarri du martxan. Ohi bezala, ikastaroak doakoak dira, baina izena eman behar da parte hartzeko 943 25 23 89 telefono zenbakira deitua, edo
jabekuntzaeskola@gmail.com helbidera mezua bidalita.
Jabetze Eskolak urte guztian zehar dituen talde finkoez gain, martxotik aurrera hainbat ikastaro izango dituzte, 16 urtetik gorako eskualdeko emakumeek. Emakumeak mugimenduan, Noka, Txalaparta, Sormen tailerra eta Emozioak lantzen, Yogaterapia saioak, Etxeko ekonomia eta Idazketa feminista dira udaberrirako eskaintzak.
Ikastaro gehienak Urretxuko Emakumeen Etxean emango dira, baina Jabetze Eskola Goierri garai osora zabaltzen denez,,bat Ezkio-Itsason izango da, eta beste bat Legazpin.
Jabetze Eskola, 2012tik
Urola Garaiko Jabetze Eskola 2012tik dago martxan Goierri garaian, Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun arloak sustatuta. Jabetzea zer den honela definitzen dute Berdintasun arlo horretako arduradunek: “Ikasketa eta kontzientzia prozesu bat da, munduko emakumeok jasaten dugun bazterkeria eta gutxiespen egoeraz jabetu eta gizarte egituren aurka egiteko tresnak eskaintzen dizkiguna”.