Lehen sorospen ikastaroa emango dute Brinkolan etzi
Legazpiko auzo honetako Arriurdin elkarteak antolatu du. Herritar guztiei dago zuzenduta, eta doakoa da.
Brinkolako Arriurdin auzo elkarteak lehen sorospen ikastaroa antolatu du ostiralerako, hilak 23. Ikastaroa 18:00etan hasiko da, auzoko Saloian. Doakoa da, eta ez da izena eman behar.
Zumarragako Argixao zentro soziosanitarioan lan egiten duten Sofia Urabayen medikuak eta Alina Dumitru eta Maria Sarasola erizainek emango dute. Hain zuzen, bi erizainek lanerako prestatu zuten formazio saioa da Brinkolan eskainiko dutena. «Zerbait larria gertatzen bada, esku asko behar dira, eta lanean zegoen behar hartatik sortu zen formazioa». Argixaoko langileekin egindako ikastaroa egokitu egin dute beste leku batzuetan emateko, eta Zegamako Eroskiko langileei eskaini eta gero, Brinkolara joango dira orain.
Brinkolarrentzako “aproposa”
Ikastaroa «Brinkolarako oso aproposa da. Han zerbait gertatuz gero, laguntza iristerako pasatzen den denbora luzea da, eta bitarte horretarako oinarrizko sorospen ezagutzak ezinbestekoak izan daitezke. Bizitza bat salbatu dezakete, edo ondorengo pronostikoa hobetzen lagundu».
Oinarrizko gaiak landuko dituzte, eta batez ere erorketei eta eztarri trabatzeei edo buxadurei buruzkoak izango dira. Bihotz-biriketako suspertzea ere landuko dute. «Gauza txikiak dira, baina partaideek jasoko dituzten ezagutza horiek oso garrantzitsuak dira, bizitzak salbatu dezaketenak».
Ikastaro praktikoa izango da batez ere, baina teoria ere eskainiko dute. Bukaeran bi kasu praktiko ikusteko aukera ere izango dute, guztia ondo ulertu dela ziurtatzeko.
Lehen sorospen ikastaro hau edozein herritarri dago zuzenduta, eta aurretik bat eginda dutenentzat ere bada, errepasatzeko balio duelako, baita alor honetan sortutako berrikuntzak ezagutzeko ere.