Osinalde bertso sariketaren sortzaileetako Joxe Mari Landa alegiarra hil da
Ikaztegietan bizi zen, eta ostegunean hil zen, 76 urterekin. Gabiriako bertso jaialdien eta bertsolari gazteen sariketaren aurreneko antolatzaileetako bat izan zen Landa.
Osinalde bertso sariketaren sortzaileetakoa eta lehen antolatzaileetakoa izan zen Joxe Mari Landa Maiora alegiarra ostegunean hil zen, 76 urterekin, Ikaztegietan. Euxebio Igartzabalekin eta Mikel Agirrerekin batera hasi zen gaur egun horren ospetsua den Osinaldeko ekimena bultzatzen, 1971n.
Festetako bertso jaialdia eta bertsolari gazteen sariketari ekin zioten. Eliz ikasketak zituen Landak, eta Juan Mari Lekuonarekin hartu-emana. Jantzitasun kultural horrekin gai jartzailetzan eta bertsolaritzaren biziberritzean lagundu zuen.
Alegia auzoko (Itsaso) Gartziandegi etxean sortu zen Landa, 1947an. Taberna eduki zuen han familiak urtetan, Madalena elizaren aldamenean. Bertsolarien biltoki izaten zen.
Hileta elizkizuna gaur, larunbata, Ikaztegietako San Lorentzo elizan egingo diote, 18:00etan. Hilbeila, berriz, Tolosako Oria beilatokian egin zioten, atzo eta herenegun.