Haztegi ikastolak maiatzean egin zuen lasterketa solidarioko dirua iritsi da Ugandara
Hotz Legazpi elkartearen bidez helarazi dute dirua, eta Daniella Haur Hezkuntza genero berdintasunean sustatzeko proiektua laguntzeko izango da.
Iazko maiatzaren 25ean Haztegi ikastolak 500 Kilometro 11 kolore izeneko lasterketa solidarioaren inguruan bildutako dirua iritsi da Ugandara. Dirua Daniella Haur Hezkuntza genero berdintasunean sustatzeko proiektua laguntzeko izango da.
Elkartasuna lantzeko duela urte batzuk abiatu zuen bidean kokatzen da ikastolaren lasterketa solidarioa. Helburua Hotz Legazpi elkarteari laguntza ekonomikoa bideratzea zen, errefuxiatuen eremuen hezkuntza eremuan eragiteko, eta “jai giro koloretsu eta alaian” egin zuten hori. Korrika eginda soilik ez, ikasleek beste modu batera ere adierazi ahal izan zuten ekimenaren alde zuten konpromisoa eta ahalegina, eta borondatezko diru ekarpena egin zuten aurreko egunetan geletan jarritako itsulapikoetan, 1.672 eurotik gora bilduz. Gainera, sentsibilizazio saioak ere egin zituzten maila guztietan, lasterketaren asmoak eta Hotz Legazpiren helburuak gertuagotik ezagutzeko.