Legazpiko haur eta gaztetxoek prest dute aisia eta euskara uztartzen dituen egitaraua
Udalak eta Sorgintxulo taldeak prestatu dute elkarlanean. Hilean ekintza bat proposatzen die Haur Hezkuntzako bost urteko mailatik DBHko laugarren mailara arteko legazpiarrei.
Legazpiko haurren eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko ekintzen aurtengo egitaraua zehaztu dute udaleko Euskara, Hezkuntza, Haur, Nerabe eta Gazteen zerbitzuek Sorgintxulo taldearekin batera.
Haur Hezkuntzako bost urteko mailatik DBHko laugarren mailara arteko legazpiarrentzako ekintzak dira. Ekintza horietan parte hartzen dutenen artean euskaraz hitz egitea, ondo pasatzea, guztien artean harremanak lantzea eta arauak errespetatzea dira helburu nagusiak.
Egitaraua hasita dago, eta dagoeneko jolas kooperatiboen saioa egin dute hilaren hasieran, eta Txuri Urdinen izan dira izotzetan patinatzen hilaren erdi aldean. Hemendik aurrera, uztaila eta abuztua kenduta, hilero ekintza bat izango da: martxoaren 16an, ginkana; apirilaren 2tik 4ra, Pazko Asteko irteera; maiatzaren 18an, Mirandaolara txangoa; ekainaren 24an, jolasak Uztakaleren barruan; irailaren 21ean, Trikornio kirol txapelketa; urriaren 19an, euskal jolasen festa; azaroaren 16an, Txuri Urdinera irteera; eta abenduaren 5ean eta 6an, Lakiolara irteera.