Gabiria eta Legazpi berriz elkartuko dira larunbateko rally-sprintarekin
Bosteko eskuderiak hartu du antolaketa, Lagunartea eskuderiari erreleboa hartuta. Proba larunbatera aurreratu da, bi noranzkoan egingo da, eta egiaztapen teknikoak eta sari banaketa Legazpin egingo dira. Guztira 71 partaide dira.
Antolakuntza talde berriarekin, larunbatera aurreratuta, bi noranzko paseekin eta sari banaketa ekitaldia Legazpiko Kale Nagusira aldatuta, horrela dator Gabiria-Legazpi rally-sprintaren 26. edizioa. Sortu berria den Bosteko eskuderiak antolatu du aurten, eta dena prest dago martxoaren 2rako.
Atzo eman zituzten rally-sprintaren xehetasunak Legazpiko udaletxean. Aurkezpenean, Euskadiko eta Gipuzkoako automobilismo federazioetako Angel Gurrutxaga eta Iñigo Cuesta lehendakariak, Bosteko eskuderia antolatzaileko Jorge del Cid, Gabiriako udaleko ordezkari Iñigo Igartzabal, eta Legazpiko alkate Eric Galvez eta kirol zinegotzi Josu Galilea izan ziren. Proban parte hartuko duen Xabi Mujika pilotu urretxuarrak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Aurten, aldaketak
Bosteko eskuderiak Lagunarteari hartu dio erreleboa Gabiria-Legazpi rally-sprintaren antolakuntzan, eta pozik dago estreinaldiarekin, 71 partaide izango dituelako probak. Beti bezala, denboraldia irekiko du, eta Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketetarako puntuagarria izango da.
Aurreko edizio guztietan bezala igandean egin beharrean, larunbatean izango da rally-sprinta, martxoaren 2an. Korta eta Motxorro artean egingo da berriz ere, 6,6 kilometrotik gorako zirkuituan, aurten bi noranzkoetan. Ohi bezala, Legazpin jarriko dute autoen parkea, udaletxeko plazan, 08:00etatik aurrera egiaztapen teknikoak eta administratiboak egiteko, eta bezperan ere egin ahal izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Aitxuri jatetxearen inguruan.
Lasterketarako asistentzia gunea Ezkioko Anduaga industrialdean egongo da. Ibilgailuak 11:15ean abiatuko dira harantz. Erlojupeko lehenengo tramua 12:00etan hasiko da, eta bigarrena 13:45 inguruan, biak Gabiriatik Legazpira. Beste bi txanda egingo dira arratsaldean, Legazpitik Gabiriara, 16:00etan eta 17:45ean hasita.
Proba amaituta, Legazpiko Kale Nagusian elkartuko dira auto guztiak, eta sari banaketa bertan egingo da, 20:00etan.
Faboritoak
Del Cid antolatzaileak aipatu zuenez, iazko irabazlea eta Euskadiko rally-sprint txapelduna da faborito nagusia, Aitzol Apalantza, «kotxe egokiena eta modernoa dauka lasterketa hau irabazteko», baina eguraldiak proba osoa baldintzatuko duela ere zehaztu zuen, «eta euriarekin, kotxe txikiek gerra emango diete kotxe potoloei». Alberto Marcos zumarragarra ere aipatu zuen, iaz bigarren geratu zena, «beti oso azkar ibiltzen da». Hurrenez hurren, lehen eta bigaren postuetan aterako dira bi pilotuak larunbatean, hurrengo lauak bezala horretarako eskubidea irabazita dutelako iazko rally sprint txapelketan lehen sei postuetan geratzeagatik. Xabi Mujika hirugarrena izango da.
Faborito gehiago ere badaude: Gorka Eizmendi, Mattin Villares, Nerea Campos legazpiarrarekin aterako den Gorka Idigoras, Iker Santesteban, Iker Etxeberria… «Kotxe potenteak daude partaideen zerrenda ere polita da, oso gustura gaude antolatzaile gisa».
Cuesta Gipuzkoako federazioko lehendakariak gehitu zuen aurten “borrokatua” izango dela proba bi noranzkoen berrikuntzarekin, klase ego kategoria guztietan gainera. Alde horretatik, rally-sprint honek ez duela “hutsik egiten” esan zuen.
Zale asko
Euskadiko automobilismo federazioko Angel Gurrutxagak antolaketa talde berriaren sorrera aipatu zuen, Gabiria-Legazpi proba beste urte betez egitea aukera eman duelako horrek. Denboraldirako aurreikuspen onak dituztela ere esan zuen, proba batzuk mantenduta, «txapelketa interesgarria izango da». Proba honek irekiko du, hain zuzen denboraldia, eta eguraldi iragarpenak oso onak ez badira ere, zale asko joatea espero dutela esan zuen.
Hala espero du Legazpiko alkateak ere, «jendeak maite duelako karrera hau, herrian izaten den giroa ikusi besterik ez dago». Antolaketari dagokionez, sari banaketa ekitaldia aurten lehen aldiz Kale Nagusian egingo dela gogoratu zuen. Del Cidek eskerrak eman zion udalak antolaketarako ematen dizkien erraztasunengatik eta uzten dien materialarengatik.
Gabiriako Udaleko Igartzabal ere lasterketaren «zain» dago, «herrigunean ez du inpaktu handiegirik, baina jende mugimendu handia izaten da inguruan”, eta Gabiriarentzat hori «ona da».
Goierriko partaideak
Urtero bezala, aurten ere Goierriko partaideak izango dira: Xabier Mujika eta Miriam Iztueta pilotu eta kopilotu urretxuarrak, Alberto Marcos pilotu zumarragarra, Nerea Campos kopilotu legazpiarra, Xabat Goikoetxea pilotu gabiriarra eta Mikel Aranburu kopilotu ezkiotarra, Asier Agirrezabala eta Guillermo Lasa pilotu eta kopilotu legazpiarrak, Xabier eta Ioritz Garmendia pilotu eta kopilotu lazkaotarrak, Jon Ander Martinez pilotu segurarra, eta Eneko Nazabal pilotu zaldibiarra.