Xabi Mujika eta Miriam Iztueta, gogotsu Gabiria-Legazpi egiteko
Etxekotzat duten proban hasiko dute denboraldia Xabi Mujika eta Miriam Iztueta urretxuarrek, Citroen Saxo BTS autoaren gainean. Bi gazteak elkarrekin lehiatzen dira duela bost urte. Euriarekin pozik daude.
Xabi Mujika pilotua eta Miriam Iztueta kopilotua hirugarren postuan aterako dira errepidera larunbatean Gabiria-Legazpi rally-sprintean, Citroën Saxo VTSaren gainean.
Legazpin jaio baina Urretxun bizi den Mujikak 29 urte ditu eta 16 urterekin hasi zen autoarekin, kopilotu lanetan, Egoitz anaiarekin batera. 18 urte betetzean pilotu bihurtu nahi zuen, baina bi urtez geldi egon behar izan zuen kotxea erosteko nahiko aurreztu arte. Pilotu gisa 2017an debutatu zuen, eta «orain arte». Lehenengo urtean anaia eraman zuen kopilotu, baina gero Miriamekin hasi zen, eta ordutik biak dabiltza elkarrekin.
Gabiria eta Legazpi arteko proba «berezia da», txikitan ikustera joaten zelako, eta «ondo» ezagutzen duen bidea delako. Mujikak gustura hartu du proba bi noranzkoetan egitea, «polita izango da, aldapan behera ere joango gara, eta nire kotxearekin azkarrago joan daiteke». Hirugarren ateratzeak ere «ilusioa» egin dio. «Gustura eta gogoz» dago, «karrera polita egin daiteke». Eguraldi pronostikoen aurrean ere pozik dago, errepide bustia nahiago duelako. Euria eta guzti, «ahalik eta azkarren» egin nahi du proba, ahal dela bere autoaren klasean lehena izateko.
«Etxeko karrera»
Miriam Iztueta urretxuarrak, berriz, 26 urte ditu, eta bost daramatza rallyen munduan. Beti kopilotua izan da eta, momentuz, pilotu izateko asmorik ez du, «asko ikasi behar da lehenengo». Mujikaren ondoan ibiltzen da beti, lasterketa batzuk beste pilotu batzuekin egin baditu ere.
Aurtengo denboraldiari buruz esan duenez, «ahal duguna egingo dugu, kilometroak egin nahi ditugu , eta kotxeak laguntzen digun bitartean, aurrera». Gabiriako lasterketari dagokionez, «berezia» dela dio, «etxeko karrera da, etxe ondo-ondoan dago, eta denboraldiko lehena izanda, gogotsu egoten gara, hilabete batzuk geldi egon eta gero».