Zaldu, Brinkola eta Telleriarteko auzotarrentzako bilerak egingo dituzte Legazpiko HAPO lantzeko
Hilaren 6an egingo dira, udaletxean. Parte hartu nahi dutenei izena emateko eskatu die udalak.
Udalak bilera bereziak antolatu ditu Zaldu, Brinkola eta Telleriarte auzoetako biztanleentzat, Legazpiko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) lantzeko. Hilaren 6an izango dira hiru bilerak, udaletxeko areto nagusian: Zaldukoa 12:00etan, Brinkolakoa 13:00etan eta Telleriartekoa 14:00etan. Bileretara joan nahi dutenei asmo horren berri emateko eskatu die udalak, 943 73 71 65 telefono zenbakira deituta, edo maldalur@legazpi.eus helbidera mezua bidalita.
Otsailean zehar, HAPOren aurrerapen dokumentua ezagutarazteko eta lantzeko hainbat saio egin dituzte herritarrekin, eta udalak azaldu duenez, “parte hartze prozesua aberasgarria izan da, izan diren eztabaida eraikitzaileengatik, eta jendeak erakutsitako interesagatik”. Saio horietan herritarren kezka gehienak Zaldu, Telleriarte eta Brinkola auzoetakoak direla detektatu dutela ere adierazi du. Hori dela eta prestatu dituzte saio datorren asteko saio berezi horiek.
Plan Orokorraren Aurrerapena “zirriborro baten antzekoa da, eztabaidarako oinarri gisa mahairatzen dena, ondorengo pausuen oinarriak finkatzeko”. Proposamen hori “findu eta legazpiarren beharretara egokitzeko”, udalak uste du “oso garrantzitsua” dela hiru auzoetako herritarrek hurrengo saioetan parte hartzea, auzo bakoitzeko arazo eta beharrak landuko direlako.
Azkenik, udalak gogoratu du hilaren 29an amaituko dela HAPOren aurrerapen dokumenatuari irdaokizunak eta ekarpenak egiteko epea, eta hori udal erregistro bidez egin behar dela.