Euriari eta elurrari aurre eginez, 100 zuhaitz berri landatu dituzte Arraseta mendian
Legazpiko Zuhaitz eguna egin zuten atzo goizean, eta 30 inguru legazpiarrek parte hartu zuten. 50 haritz eta 50 ametz landatu zituzten.
Euriari aurre eginez, eta batzuetan baita elurrari ere, Zuhaitz eguna ospatu zuten atzo goizean Legazpin, Arraseta mendian. Eguraldi txarrak ez zituen legazpiarrak kikildu, eta 30 inguru lagunek eutsi zioten udalak jarritako hitzorduari. Guztien artean, 50 haritz (Quercus petraea) eta beste 50 ametz (Quercus pyrenaica) landatu zituzten. Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainei esker, Legazpiko basoetan jasotako hazietatik sortutako zuhaitzak ziren.
Zuhaitz egunean parte hartu zuten herritarrak udaletxe aurrean 09:30ean elkartu ziren, eta oinez igo ziren Arrasetara, Mantxolatik igarota. Jardueran zehar Arantzadi zientzia elkarteko Joseba Garmendia naturazaleak azalpenak jaso zituzten, eta lana amaitutakoan, hamaiketakoa jan zuten udalak jarritako karpen azpian.