Asisko Urmenetaren saioak irekiko du gaur Legazpiko Korrika Kulturala
Korrika hilaren 23ko goizaldean igaroko da Legazpitik. Aurreko egunetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Baionako amaiera festarako joateko autobusa ere antolatu dute, eta txartelak salgai daude Kultur Etxean.
Martxoaren 23ko goizaldean Legazpitik igaroko den Korrika girotzeko, kultur egitaraua prestatu du Goierri garaiko batzordeak. Era askotako ekitaldiak izango dira datozen asteetan.
Legazpiko Korrika Kulturaleko egitarauari Asisko Urmenetak emango dio hasiera gaur, 18:00etan, Kultu Etxeko areto nagusian. Gora Euskal Herrientsak! eleberri grafikoa aurkeztuko du nafar irudigileak eta komikilariak da. Kulturaren transmisioan aitzindari izan zen emakume kolektiboaren omenez argitaratutako liburua da.
Korrikarekin lotutako hurrengo hitzordua hilaren 15ean izango da, hilaren 15ean, 19:00etan, Kultur Etxean, Ander Beizamaren eta Ander Espagallaresen Sustraiak dokumentalarekin. Baserrien etorkizuna eta emakumeen papaera lantzen duen ikus-entzunezkoa da.
Ondoren, Kanpora sartzen antzerki emanaldia etorriko da, hilaren 16an. Latxartegin izango da, 19:30ean. Txalo Produkzioak taldearen lana da, eta Aitziber Garmendiak Sara Coarren laguntzarekin zuzenduta, Xabin Fernandez eta Intza Alkain izango ditu aktore protagonistak.
Hilaren 15ean, 16an eta 17an Legazpin izango den 17. logela ihes gela ere Korrika kulturalaren barruan kokatu dute. Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak sortutako esperientzia da, 16 urtetik gorakoei zuzendutakoa.
Korrika kulturaleko egitaraua ixteko, Sorgintxulo aisialdi taldearen ginkana izango da, hilaren 16an. Lehen Hezkuntzako 3., 4. 5. eta 6. mailako ikasleentzat izango da, eta Euskal Herria plazan egingo da, 17:00etatik aurrera.
Baionara joateko autobusa
Korrika Baionan amaituko da hilaren 24an, igandea, eta festa handia izango da han egun osoan zehar. Legazpitik autobusa joango da, eta txartelak salgai daude dagoeneko Kultur Etxean, 5 euroan, hilaren 15era arte.
Autobusa 08:45ean aterako da Saturnino Telleriako biribilgunetik, eta 09:00etan igaroko da Zumarragako geltokitik. Itzultzeko autobusa 19:00etan aterako da Baionatik. Autobus bat betez gero, bigarren bat antolatzeko zerrenda egingo da.
Autobuserako txartela erostean izen-abizenak, telefono zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea eskatuko dituzte. Adin txikikoen kasuan, gurasoen baimenak beharko dira, Ertzaintzari eskatutakoak, eta autobusean joango den pertsona nagusi bat izan beharko dute izendatuta arduradun.