Gipuzkoako pentsiorik altuena kobratzen den herrietako bat da Legazpi
Gaur egun, 2.457 pentsiodun daude herrian, eta batez besteko 1.697,02 euroko pentsioa jasotzen dute hilean. Pentsio baxuagoa kobratzen dutenak ere badaudela, eta horientzat laguntzak egon daitezkeela gogoratu du udalak.
Gizarte Segurantzaren datuen arabera, Legazpin kobratzen da Gipuzkoako batez besteko pentsiorik altuena, 1.000 biztanletik gora dituen udalerrien artean. Gaur egun, 2.457 pentsiodun daude Legazpin, eta batez besteko 1.697,02 euroko pentsioa jasotzen dute hilean.
Euskal Erkidegoko batez bestekoa 1.485 eurokoa da, eta Gipuzkoakoa, 1.471 eurokoa. Kontuan hartu behar da, gainera, Euskal Erkidegoa dela Espainiako estatu osoan pentsio altuenak dituena.
Pentsio txikienentzako laguntzak
Udalak eman ditu jakitera datu horiek, baina pentsio altuak kobratzen dituztenez gain, «pentsio baxuak dituzten herritarrak» badirela ere nabarmendu du, eta «gure kezka eta ardura da pertsona horiengana iritsi ahal izatea, haiei laguntzeko». Horretarako Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta dagoela gogoratu du. «Errenta horren helburuetako bat pentsio txikienak osatzea da, betiere baldintzak betetzen badira».
Legazpin, 2457 pertsonatik 26k kobratzen dute osagarri hori, hau da, % 1,05ek. «Ehuneko txikia dela iruditzen zaigu, eta laguntza hori pertsona gehiagok behar dutela edo jaso dezaketela uste dugu». Horregatik, pentsio baxuak dituztenak kontsulta egitera animatu nahi dituzte, osagarri horren onuradun izan daitezkeen egiaztatzeko.
Prestazio hori Lanbideren bidez kudeatzen da, baina udalak behar dutenei orientazioa ematen die Gizarte Zerbitzuetan.