Legazpiko erraldoi konpartsaren familia handitu egin da
Lau erraldoi berri ditu, txikiak, konpartsako kide gazteenei zuzenduta. Larunbatean aurkeztu zituzten, Urbeltz pilotalekuan egindako "jaialdi erraldoian".
Argitu zen azkenik Legazpiko Erraldoi Konpartsak larunbat arratsaldeko “jaialdi erraldoirako” iragarrita zuen sorpresa: lau erraldoi berri. Konpartsaren familia handitu egin dute, tamaina txikiko lau erraldoi gehiagorekin: Ezpata-dantzaria, Oilar jokoko jokalaria, Lintx eta Katamaloa. Guztiak herriko jaiekin eta ohiturekin lotutako pertsonaiak dira.
Urbeltz pilotalekua leporaino bete zen larunbat arratsaldean, eta jaialdian zehar aurkeztu zituzten konpartsako erraldoi berriak, taldeko kide gazteenei zuzenduta egindakoak. Musikaz eta dantzaz osatutako ikuskizuna eskaini zuten hamar erraldoiek, Doinuzar gaiteroek, Goiz Deia bandako txistulariek, herriko hainbat musikarik eta Korosti eta Sustraiak dantza taldeko kideek lagunduta. Gaiteroek Legazpiko konpartsarako espresuki sortutako jota ere estreinatu zuten.
Maiatzeko Santikutz jaietan ikusi ahal izango dira berriz ere erraldoiak Legazpin, apirilaren 30ean eta hurrengo egunetan. Aurretik, beste hitzordu bat dute Lazkaon, hango jaietan.