Eneko Gutierrez, zinemako izarren pare
Malagako zinema jaialdiko sail ofizialean lehiatzen ari den 'Nina' filmeko aktoreetako bat da. Malagan bertan izan da, pelikularen aurkezpenean.
Eneko Gutierrez Lavandero legazpiarra zinemako izarren pare ibili da egun hauetan Malagan. Andaluziako hiri horretako zinema jaialdian izan da, bertako sail ofizialean lehiatzen ari den Nina filmaren aurkezpenean. Andrea Jaurrietak zuzendu du pelikula hori, eta Gutierrez Lavandero bigarren mailako aktoreen zerrendan dago.
Esperientzia paregabea bizitu du legazpiarrak zinema jaialdian, besteak beste “alfonbra gorrian” desfilatzeko aukera izan duelako, eta zinema munduko jende garrantzitsuaren ondoan izan delako. Nina astelehenean, hilaren 4an aurkeztu zuten, eta oso harrera ona izan zuen. Handik itzulita, honako hau zabaldu zuen aktoreak sare sozialetan: “Milioika esker pelikula handi honetako ekipo osoari, aktoreen zerrenda osatzen duen pertsona bakoitzari, eta atzetik dagoen taldeari. Esker bereziak izan dugun zuzendari puska horri, nirekin hau bizitzen ari diren guztiei, argazkietan azaltzen diren guztiei eta han egoterik izan ez dutenei”, Eskerrik asko guztiagatik, eta jakin ezazue Nina-k astindu edarra emango duela”.
Malagako zinema jaialdia martxoaren 1etik 10era bitartean ospatzen ari da, eta sail ofizialean lehiatzen ari diren 19 filmen artean dago Nina. Maiatzean estreinatuko da zinema aretoetan. Mundakan eta Bermeon (Bizkaia) grabatu da, eta Jaurrietak zuzenduta, Patricia Lopez Arnaiz, Dario Grandinetti, Ana Piccarolo eta Iñigo Aranburu dira aktore nagusiak. Nina kostaldeko bere jaioterrira itzuli den 45 urteko emakume bat da. Herrian, omenaldia egin behar diote gaztetan bere bizitza suntsitu zuen gizonari, eta mendekatzea erabaki du.