Legazpiko Udalak kalitatezko ziurtagiria lortu du
Ekonomia eta Ogasun Zerbitzuak lortu du, eta bertako langileek eta udal agintariek aste honetan jaso dute ziurtagiria. Zerbitzuko barne prozesuak erregistratzeko eta optimizatzeko balioko du kalitatea kudeatzeko sistemaren ezarpenak.
Legazpiko Udaleko Ekonomia eta Ogasun Zerbitzuak AENORen Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren ziurtagiria lortu zuen urte hasieran, eta aste honetan jaso dute agiria bertako langileek eta udal agintariek, udaletxeko batzar aretoan egindako ekitaldi batean. Gonzalo San Antonio AENOR-Euskadiko zuzendariak eman zien ziurtagiria.
Udalarentzat zigilua «funtsezkoa» da «kalitatezko kudeaketa bermatzeko, herritarra ardatz hartuta». Barne-prozesuak erregistratu eta optimizatzeko balioko duela esan dute, ezagutzaren transmisioa eta belaunaldien arteko erreleboa erraztuz.
Kalitatea Kudeatzeko Sistema bat garatu eta ezartzea nahiko ohikoa da, duela urte batzuetatik, enpresetan eta izaera pribatuko beste erakunde batzuetan. Ez da hain ohikoa, ordea, administrazioaren eremuan, eta oso gutxi dira kalitate-ziurtagiri ofiziala lortu duten udal edo foru zerbitzuak. Horien artean dago Legazpiko Udala.