Hartu Arte, atzerapenarekin ospatutako 25. urteurren borobil eta zirraragarria
Legazpiko musika taldeak gogotik ospatu zuen larunbatean pandemiak eragotzi zion urteurren festa, Elektrotxufla txarangarekin eta Parabellum taldearekin batera. Kontzertuan duela urte bete hildako Andoni, Iñurri eta Pau gogoratu zituzten.
[BIDEOA: Miguel Trejo]
Hartu Arte musika taldearen 25. urteurren atzeratuaren ospakizunak arrastoa utzi du Legazpin, ia egun osoko festa izan zelako herrian larunbatean, eta giro bikaina izan zelako, kalean lehenik eta Azokan ondoren.
Antolatzaileek “balorazio ezin hobea” egin dute larunbateko festaz, eta batez ere Azokako kontzertuaz. “Ia 1.000 pertsona elkartu ziren, eta egundoko giroa egon zen, bai Hartu Arteren kontzertuan, bai Parabellum taldearenenean”. Ekitaldiak arratsalderako eta gauerako antolatuta bazeuden ere, egun osoko festa izan zela nabarmendu dute, “badakigu jende askok bazkariak egin zituztela eguna hasteko, eta goizetik nabaritzen zen herrian zerbait berezia zela”.
Elektrotxufla elektro txarangak kaleak “ederki” girotu zituen arratsaldean, baina Azokako kontzertuarekin egin zuen “eztanda” festak. Hartu Artek jo zuen lehenik, ikuslegoa kantuan eta dantzan jarriz, eta Parabellum taldearen txanda etorri zen gero, festa giroari jarraipena emanez.
Hartu Arteren kontzertuan, taldekide izan diren zazpi lagunak igo ziren taulatura: Aitor Trejo, Unai Manso, Iker Conejo, Endika Agirregabiria, Oier Gabiria, Asier Altzelai eta Beñat Ayerbe.
Igor, Andoni eta Pau gogoan
Legazpiko musika taldeak 2020an ospatu ezin izan zuen 25. urteurreneko festa baina askoz ere gehiago izan zen larunbatekoa, “zoritxarreko beste urteurren bat” ere gogoratu nahi izan zutelako, taldeko jarraitzaile sutsuak ziren Igor Iñurritegiren eta Andoni Zabaletaren eta haiekin hil zen Pau Alsinaren heriotzaren lehen urtearena, hain zuzen.
Taldekideek esan dutenez, “gogoratu genituen hirurak, eta emozionatzeko momentuak ere izan ziren, kontzertua aurkeztu genuenean eta haien omenez Disidencia abestia jo genuenean. Ziragarria izan zen”.
Eskertzak
Hartu Arteko kideek eskerrak eman nahi dizkiete egun hori antolatzen ibili ziren guztiei, eta egun horretan lan egin zuten guztiei, bai Beti Gazte elkarteko eta inguruko jendeari, bai Txo-Esnako kideei. Udala ez dute ahaztu nahi, ezta Udaltzaingoa ere.
Esker berezia helarazi nahi diote Legazpin bizi den senegaldar kolektiboari, “hainbat gazte lanean egon ziren sarrerak kontrolatzen, goizeko ordu biak arte, hotza pasatzen”.
Hona hemen kontzertuko irudi batzuk (Egilea: Josu Altzelai):