Janari bilketa berria egingo du Hotz Legazpik larunbatean
Greaziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamenduetara bidaliko da bildutakoa. Azokan eta Laubiden egongo dira goizean janaria biltzen, eta eskoletan aste osoan zehar ari dira. Palestinarrak gogoratzeko ekitaldi sinboliko bat ere egingo dute.
Hotz Legazpik bat egin du berriz ere Zaporeak elkartearekin, eta larunbatean, hilak 16, elkarte horrek Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamenduan banatzen duten janaria prestatzeko elikagaiak bilduko ditu. Azokan eta Laubideko oinezkoen kalean egongo dira, 09:30etik 14:00tara.
Arroz luzea, pasta, olioa, egosi gabeko babarrunak eta garbantzuak, eta sardinak eta atuna bezalako arraina kontserban jasoko dituzte.
Herriko eskoletan ere egingo du bilketa Hotz Legazpik, Ikasle bat, kilo bat lelopean, gaurtik ostiralera arte. Ikasleei arroz luzea, pasta eta egosi gabeko babarrunak eta garbantzuak eskatu dizkiete.
Elikagai bilketan lagundu nahi dutenek hotzlegazpi@gmail.com helbidera idatzi dezakete.
Elkartasuna beharrezkoa da
Hotz Legazpiko kideek gogoratu dute Zaporeak elkarteak sei hilabeteko proiektua hasi zuela errefuxiatuei jaten emateko, eta zortzi urte daramatela dagoeneko eginkizun horretan. 2023ko urritik, egunero 3.000 errazio inguru prestatzen dituela ere azaldu dute, “pertsona ahulenei banatzen diete janaria: haurdun dauden emakumeei, haurrei, gaixoei”. Errefuxiatuen esparruan 6.000 pertsona inguru bizi dira, eta “horietako askok ez dute janari osasungarria jateko modurik”. Hori ikusita, elikagaiak dituzten poltsak banatuko dituzte, “prestatzen dituzten errazioak lortzeko aukerarik ez dutenek kozinatu ditzaten”.
Elikagaien beharra “izugarria” dela nabarmendu dute Hotz Legazpikoek, eta “horregatik gure elkartasuna behar dute. Gure ekarpenak eskertzen dituzte”. Legazpiarren elkartasuna eskatzen dute, “errefuxiatuek behar gaituzte. Behar zaituzte. Ekarpen bakoitza, txikia iruditzen bazaigu ere, ekarpen handia da”.
Palestinarrak gogoan
Larunbateko janari bilketan Palestina ere gogoan izango dute Hotz Legazpikoek, palestinar errefuxiatu asko dagoelako. Haien egoera salatzeko, ekintza sinboliko bat egingo dute Azokan. ‘Bakea’ hitza idatziko dute lurrean, eta hizkien gainean bakea irudikatzen duen irudia daramaten paperezko orriak jarriko dituzte, hitz osoa estali arte. Laubiden ere egingo dute, eguraldiak laguntzen badu.
“Ez dugu Palestina ahaztu nahi. Ezin dugu Palestina ahaztu. Palestinar herria suntsitzen ari dira. Sarraskitu egiten dituzte , zigorgabetasun osoz hil egiten dituzte. Su etena eskatzen dugu”.