Naiara Martinek irabazi du Legazpiko Udalaren egutegiko otsaileko saria
Argazki zaharrekin osatu du egutegia aurten, eta hilero galdera bat erantzun behar da. Otsailekoaren erantzuna Arraseta mendia zen, eta martxokoan nekazari tresna baten izena asmatu behar da. Saridunak 50 euro irabazi ditu.
Naiara Martinek irabazi du Legazpiko Udalaren egutegiko otsaileko lehiaketa, eta herrian gastatzeko 50 euroko erosketa txartela jaso du Eric Galvez alkatearen eskutik. Aurtengo egutegia koloreztatutako argazki zaharrez dago osatuta, eta hilero, irudian agertzen den toki edo elementu baten izena eman behar da. Otsailekoan, Arraseta mendia zen erantzuna, eta 147 legazpiarrek asmatu dute. Naiara Martin suertatu da irabazle guztien artean egindako zozketan.
Orain, martxoko lehiaketa dago martxan. Argazkian, Marikruz, Anttoni eta Juliana Iñurritegi Iturbe agertzen dira soroan, lanean, eta erabiltzen ari diren nekazari tresnaren izena asmatu behar da. Erantzunak www.legazpi.eus webgunean eman behar dira.