Izadi Zaleak Aralarrera joango da igandean
Legazpiko mendizaleek Nafarroako Iribasetik Uharte Arakilera bitarteko 19 kilometroko ibilaldia egingo dute. Gaur eta ostegunean eman behar da izena elkartean bertan.
Izadi Zaleak elkarteko mendizaleek Nafarroako Aralarren ibilaldia egingo dute igandean,eta joan nahi dutenek gaur eta ostegunean eman behar dute izena, elkartean bertan, 18:30etik 19:30era.
Nafarroako Iribas herritik abiatuta, hamar trikuharri bisitatu ondoren, Uharte Arakilera iritsiko dira, Sakanako bihotzean. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Aralarren ibilbide interesgarria eskaintzen dizuegu. Haritzez, pagoz eta larre-eremu zabalez betetako inguruaz gain, Neolitiko garaiko hamar trikuharri bisitatzeko aukera izango dugu. Gaur egun, Aralar mendilerroan 80 megalito daude katalogatuta. Horietatik 30 Gipuzkoan daude, eta beste 50 Nafarroan”.
Ibilbidearen erdian, 1.345 metroko altuera duen Artutxeta izango da ibilaldiko punturik altuena. “Bere tontorretik Sakanako ikuspegirik onenak lortzen dira”. Artutxetaren azpian Aralarko San Migel Santutegia dago, “baina beste baterako utziko dugu bisita”. Artutxetatik Uharte Arakil herriraino jaitsiko dira eta, bazkaldu ondoren, Legazpira itzuliko dira. 19 kilometroko ibilaldia izango da, 900 metroko desnibela duena.
Mendizaleek 07:30ean dute hitzordua jarrita irteteko, Izadi Zaleak elkartetik. Itzulera, berriz, 18:30 inguruan izango da.