Eskolarteko bertsolari txapelketaren hirugarren saioa Legazpin izango da, ostiralean
Sustrai Goenaga, Amets Zubizarreta, Aratz Arzelus, Maddi Lasa, Araitz Ramos eta Haritz Murua arituko dira bertsotan Muruazpi elkartean. June Aiestaran beasaindarrak lortu du dagoeneko finalerako txartela.
Legazpin egingo da ostiralean Gipuzkoako Eskolarteko bertso txapelketaren hirugarren saioa. Muruazpi elkartean izango da, 20:00etan hasiko den afariaren ostean, 22:00 inguruan.
Sustrai Goenaga, Amets Zubizarreta, Aratz Arzelus, Maddi Lasa, Araitz Ramos eta Haritz Murua arituko dira bertsotan. Sarrerak www.bertsoarrerak.eus atarian daude salgai.
Gipuzkoako Eskolartekoaren 44. edizioa da 2024koa. Martxoaren 1ean hasita, lau kanporaketa jokatuko dira, eta finala apirilaren 12an izango da, Lasturren. Guztira 22 gaztek eman dute izena txapelketan parte hartzeko.
Orain arte bi kanporaketa egin dira, Aizarnazabalen eta Andoainen, eta bigarrenean, June Aiestaran beasaindarrak irabazi eta finalerako txartela lortu du. Hirugarren kanporaketa Legazpin da etzi, eta laugarrena Oiartzunen hilaren 22an.