Loreak eta landareak, eguraldi epelaren zain
Udaberriaren arrastoak nabariak dira Ordiziako ferian, eta eskaintza urtaro berri eta epelago horri begira jarrita dago. Perretxikoek, aldiz, atzera egin dute gaurkoan eta bi kilo ziza eskas izan dira salgai.
Udaberria gerturatzen ari da eta urtaro horren arrastoak iristen hasiak dira Ordiziako feriara. Duela bi aste lehen zizak iritsi ziren, eta gaur loreek eta landareek jarri dute udaberri puntua eta kolorea.
Eguraldiak ere lagundu du. Nahiz eta goizean goiz hotz egin duen, orduek aurrera egin ahala, epeltzen joan da giroa. Gernikatik iritsitako 70etik gora jubilatuen bisitak ere berotu du giro hori, baita Estatu Batuetako Idahoko unibertsitateko ikasle taldeak ere, eta Idiazabalgo herri eskolako ikasle mordoak ere.
Loreak eta landareak
Loreen atala geroz eta aberatsago eta koloretsuago dago, eta urtaro berriari begira eskaintza zabaltzen ari da. Hala, Iñaki Azanzaren postura lehen geranioak eta surfiniak iritsi dira (2,9 euroan bakoitza), diplademia (8,5 euro) eta dragoi begoniarekin batera (4 euro). Maria Dolores Mendizabalek datorren astean jarriko ditu salgai lore berriak.
Baratzerako landareetan ere izan dira berritasunak, eta geroz eta mugimendu handiagoa ikusten da momentuz plazan dauden bi postuetan; datorren astean hirugarrena hasiko da, Agapito Garmendiarenak utzitako tokia betetzeko.
Landare berrien artean, Ibarrako Iguategi etxekoek eskaini dituzten italiar eta Gernika piperrak eta pipermina, kuiatxoa, luzokerra, perrexila eta perrexil hezea aipatu behar dira. Urtero saltzen dituzten zainzuri zuztarrak ere badituzte aukeran dagoeneko.
Oraindik baratzean hasteko goiz dela esan dute postuko arduradunek, eta gogoratu dutenez, esaera zaharraren arabera, «Martxoko trumoia, 40 eguneko negua». Ibarran asteburuan trumoia entzun omen zuten, eta eguraldiarekin kontuz ibiltzeko gomendioa eman dute.
Tipulina eta zizak
Produktu berri bat ere aurkeztu dute gaur goizean, tipulina. Itsasoko Maria Jesus Oriak jarri du salgai, sorta 2 euroan. Aurreko astean iritsi ziren ilarrak ere ikusi dira gaur, Montesen postuan, 14 euroan kiloa.
Eta perretxikoen denboraldia indartsu hasi bazen ere, ezer gutxi izan da atal horretan; bi kilo ziza, 200 euroan kiloa. Mahai gainean jartzera ere ez da iritsi Mikel Lasa, goizean Ordiziara iritsi orduko saldu dituelako bi kiloak, bi jatetxetako sukaldari banari.