Judo Legazpi kluba oso pozik geratu da larunbateko nazioarteko txapelketarekin
Leku askotako haur mailako 147 judokak parte hartu zuten, tartean hainbat legazpiarrek. Hurrengo urteko edizioari begira jarrita daude, eta kadete mailako beste txapelketa bat egitea pentsatzen ari dira.
Urbeltz pilotalekuko zorua tatami erraldoi bihurtu zen larunbat arratsaldean, haur mailako Legazpi Herria nazioarteko judo txapelketaren hirugarren edizioa hartzeko. Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako, Arabako, Madrilgo, Kantabriako, Frantziako eta Andorrako 147 judoka gazte bildu zituen txapelketak tatami horretan, tartean hainbat legazpiar, eta kirolarien familiakoek eta lagunek harmailak bete zituzten.
Judo Legazpi klub antolatzaileak oso pozik dago txapelketarekin, eta balantze «hiper positiboa» egin du, «dena oso ondo atera zen eta partaideek, gainera, zoriondu egin gaituzte antolaketagatik». Horrek indarra eman die taldekideei datorren urteko edizio berriari begira jartzeko, eta «kadete mailako beste txapelketa bat ere antolatzeko». Haur mailako txapelketa honek Legazpiko urteko kirol egutegian «lekua» egin duela adierazi dute, «finkatu egin da, eta urtero egingo da».
Klubeko kideez gain, 50 inguru boluntario ere ibili ziren lanean, eta horientzat esker hitzak ere izan dituzte antolatzaileek, baita sarien eta oparien kargu egin ziren herriko enpresentzako ere. Udalak emandako laguntza ere nabarmendu dute, utzitako baliabide eta azpiegiturengatik, eta sari banaketan udal agintariek parte hartzeagatik.
Legazpiko partaideak
Judoka legazpiar guztiek egindako lana ere azpimarratu dute, bereziki Oier Astorkia, Unas Larraza, Elur Reyes eta Aimar Polorena. Astorkiak zilarra irabazi zuen -60 kiloko kategorian, Larrazak ere zilarra jaso zuen -42 kilotan, Reyes bosgarrena izan zen +66 kilotan, eta Polo ere bosgarren geratu zen -46 kilotan. Gainerakoek “txokolatezko domina” irabazi zuten.
Partaide guztiek borroka bat baino gehiago egin zuten txapelketan zehar, eta “horixe zen helburua, borroka eginda esperientzia hartzea”. Txapelketa honetan sariak banatu baziren ere, lehia ez zen helburua, baizik eta judoaren inguruko topaketa egitea.