Mugi garraio txartela KzGunean tramitatu dezakete legazpiarrek
Tramiteak on line egin behar dira, eta hori egiten lagunduko dute KZ Guneko langileek. Apirilaren 15ean hasiko dira ematen zerbitzua. EH Bilduk berriki agertu du kezka Mugiren inguruan
Legazpiarrek Kultur Etxean dagoen KZ Guneko teknikarien laguntzarekin tramitatu ahal izango dute Mugi garraio txartela on line, udalaren ekimenez. Apirilaren 15etik aurrera egongo da martxan zerbitzu hori, eta egun horretatik aurrera bertan egin ahal izango dira txartel berria eskatzeko edo berritzeko tramitea.
Herrian ez dago Mugi txartel arrunta edo izenduna tramitatzeko leku fisikorik, eta www.mugi.eus webgunea baino ez dute kudeaketa hori egiteko. Internet bidezko gestio horretan laguntzeko jarri du martxan lankidetza udalak KZ Gunearekin, Eusko Jaurlaritzaren EJIE sozietate publikoarekin hain zuzen, erakunde publikoen artean administrazio digitala sustatzeko sinergiak sortzeko helburu orokorraren barruan.
Txartelak kargatzea, berriz, webguneaz gain, tren geltokian, eta Kutxabankek Kale Nagusian eta Laubiden dituen bi kutxazainetan egin daiteke, eta horretarako ez da beharrezkoa banketxeko bezero izatea.
EH Bilduren eskaera
Legazpiko EH Bilduk duela gutxi azaldu zuen kezka Mugi txartelaren tramitazioak egiteko leku fisiko baten premiaren inguruan. Mugi garraio txartela eskuratzeko, berritzeko eta kargatzeko aurrez aurreko zerbitzua udalak eskaini beharko lukeela adierazi zuen, eta tramite horiek egiteko eskatu zion, udaletxea, kiroldegia eta Kultur Etxea proposatuta.