Ane Odriozolaren liburu berria iritsi da Legazpira
Idazle legazpiarrak atzo aurkeztu zuen 'El Valle del hierro' Latxartegi aretoan, Josema Azpeitia ondoan zuela. Planeta argitaletxearen NdeNovela zigiluarekin kaleratu du eta dagoeneko salgai dago liburu dendetan eta denda digitaletan.
Banaketarekin hainbat arazo izan eta gero, iritsi da azkenik Legazpira Ane Odriozolaren liburu berria. El valle del hierro du izenburua idazle legazpiarraren azken eleberriak, eta dagoeneko salgai dago Espainia osoko liburu dendetan eta denda digitaletan. Legazpin Apatxo liburu dendan erosi daiteke.
Atzo aurkeztu zuen Ane Odriozolak berak azken lan hori, Latxartegi aretoan Josema Azpeitiarekin batera egindako ekitaldi batean. Bertan, idazlearen ibilbidearen errepasoa egiten zuen bideo bat proiektatu zuten. Aurkezpena hasi baino lehen eta bukaeran, idazleak tarte bat hartu zuen liburuak sinatzeko. Irakurle batzuk aurretik erosita eraman zuten liburua, eta beste askok Latxartegin bertan erosi ahal izan zuten, Apatxoko Mailo eta Marijo Pinillosek jarritako postu txikian.
Gibolako trilogia ospetsuaren ostean idatzi du El valle del hierro eleberria Odriozolak, baina aurreko hiru horiek XX. mendeko hasierako eta erdi aldeko Legazpin kokatu zituen bezala, oraingoan atzera salto egin eta burdinolen garaiko Legazpi erretratu du, XVI. mendekoa. Gainera, aurrekoak bezala autoedizioaren bidez argitaratu ordez, izen handiko argitaletxe baten babesarekin kaleratu du, izan ere, Planetak sortu berri duen NdeNovela zigiluarekin lan egin du oraingoan.
Irakurleak irrikan zeuden lan berria ezagutzeko, eta esku artean dute dagoeneko. Misterioz beteriko istorio bat aurkituko dute bertan, thriller-aren eta nobela historikoaren estiloak nahasten dituena.