Gabiria gainetik lehen aldiz
Orain arteko lau hamarkadetan lehenago sekula zapaldu gabeko bideak ibiliko ditu 23. Korrikak, martxoaren 23an. Gabiriako kaskotik igaroko da, herria zeharkatzeko.
Gauzak nola diren: Korrikak, 1980ko lehenengo ekitaldi hartan, ia-ia abiatu orduko zapaldu zuen Goierri. Baita Gabiriako lurrak ere, Zumarragatik Ormaiztegirantz, Alegiako ibarrean. Baina 44 urte behar izan ditu, aurtengo ekitaldi hau heltzea, herri kaskoraino iristeko.
Bi kilometro besterik ez daude –aldapan gora, hori bai– Altzibar baserritik herrigunera, eta handixe hartuko dute kaskorantz. Espazialki desbideratze txiki bat denak gabiriarrentzako jauzi espeziala suposatuko du: Korrika lehenbiziko aldiz pasatuko da Gabiriako gainetik.
Martxoaren 23an, larunbata, Ezkioko eta Itsasoko behe bailaratik sartuko da euskararen aldeko bi urtean behingo lasterketa, Harro herri lelopean, Gabiriara, Lizaratzu aldetik. Errepide nagusian metro batzuk egin, eta Altzibarren eskuinera hartuta abiatuko da herrigunerantz, 07:50 inguruan.
Maldaren errukirik gabe markatuko du erritmoa 23. Korrikak. 08:05erako gainean egoteko aurreikuspena dute.
Inoizko babes onena
Orain arteko lau hamarkadatan ez bezala mugitu dira, mugitu ere, gabiriarrak. Gabiriako lurretan 7 kilometro egingo ditu Korrikak, eta beste horrenbesteko babesa eskatzen du, bai sustenguz, bai lasterkari kopuruz, eta bai kilometroak erosteko.
«Herriko espektatibak altu bete dira, erabateko laguntza eta prestutasuna izan dugu jendearen aldetik», azaldu du Korrika Batzordeko kide batek. Korrika denda jarri dute zenbait astetan, hainbat bilera egin dituzte, egitarau bat prestatu dute 22rako eta 23rako, eta kilometro erosle nahikoa –AEKren jarduera mantentzeko ezinbesteko diru iturria da Korrika– lortu dituzte.
Kilometroa erosi duten erakunde, elkarte eta partikularrak inoiz baino gehiago dira aurten: Gabiriako Udala, Goruntz dantza taldea, Osinalde elkartea, Makilariak guraso elkartea, Baztarrika gaztandegia eta Gabiriako Ostatuak oso bana erosi dute; Leharrei mendi lasterketa eta Gabiriako Gazteak taldeak erdia.
1982an, Kamino Zaharrean
Herrigunetik lehen aldiz bai, baina Gabirian lehenago distantzia luzeagoa egina da Korrika. 1982ko maiatzaren 26an, Legazpitik Ormaiztegira Kamino Zaharrean barrena joan zen (10 bat kilometro). Harrezkero ez da gehiago igaro Gi-3540 bidean.
2017ko Korrikan, Aztiria ezagutu zuen lehenengo aldiz euskararen lasterketak, apirilaren 8an. Bi aldiz igaro zen herri lurretan, egun hartan: goizaldeko 02:30ean Zumarraga-Ormaiztegi bidean, eta goizean Zeraindik Legazpira, Aztiria zeharkatuta.
Harro herri ezezik, herritarrak ere harro izango dira aurten.