Osakidetza eta lehen arreta "berriz ere zutik jartzeko programa integrala" aurkeztuko du EH Bilduk astelehenean
EH Bilduk Osakidetzari buruzko hitzaldia antolatu du astelehenerako. 18:00etan egingo dute, Zelai Arizti kultur etxean. Horra hor EH Bilduk igorritako prentsa oharra:
“EH Bildun Osakidetza berriro ere zutik jartzea jarri dugu helburu, eta EAJ eta PSE-EEren agintaldian jasan duen degradazioa iraultzeko plan integrala aurkeztuko dugu astelehen honetan Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean.
Milaka pertsona bildu dira asteburuan EAEko hiriburuetan, Osakidetzak bizi duen desegite eta pribatizazioarekin amaitzea eskatzeko eta 24×7 herri plataformak lau urte luze daramatza etengabeko mobilizazioetan. Manifestazioak, hamabosteroko kontzentrazioak, akanpadak, sinadura bilketak, mozio proposamenak eta beste hamaika ekimen antolatu dituzte eta bultzada sozial horrek erantzuna behar du datorren legegintzaldian.
Osasun publikoaren eta kalitatearen aldeko herri nahi horren aurrean, EH Bilduk astelehen honetan Osakidetzari buruzko plan integrala aurkeztu nahi diegu Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko herritarrei. Osakidetza da herri honek azkenaldian izan duen bilakaeraren adibide paradigmatiko bat, nola kalitate altuko zerbitzu publiko bat degradatu den, eta nola daukagun osasun sistema bat arazo larriekin, herritarrei kalitatezko osasun zerbitzu bat bermatzeko gai ez dena.
Osakidetzak langile eta kontratazio politikarekin planifikazio eta kudeaketa falta arazo bat duela uste dugu, eta hori, ez da covid-19aren pandemiaren ondorioa, murrizketen politika baten ondorio baizik. Pandemiak sistema tenkatu zuen, baina Osakidetzaren egoerak ez du zerikusirik pandemiarekin, kudeaketa jakin batekin baizik. Horregatik, Osakidetzaren egoera ez da berez etorri den zerbait; erantzule politiko zehatzak ditu, gobernuan urteak daramatzaten alderdiak hain zuzen ere.
Osakidetza herri honek izan beharreko erregenerazioaren paradigma izan behar da, eta, zentzu horretan, EH Bildun konpromisoa hartzen dugu Osakidetza berriz zutik jartzeko, eta horretarako programa integral bat landu dugu, hain zuzen ere, Zumarragako Zelai Ariztin astelehen honetan aurkeztuko duguna
Osasun publikoaren defentsan interesa duten profesional eta herritar guztiei astelehenean aurkezpenera joateko deia luzatzen dugu, EH Bildukoa izan edo ez izan. Osakidetza altxatzeko proposamena aurkeztuko dugu eta herritar oro dago gonbidatua.
Proposamena Rebeka Uberak eta Karlos Ibarguren medikuak aurkeztuko dute. Rebeka Ubera legebiltzarkidea da eta osasun batzordeko kidea izan da; Osakidetzaren murrizketak salatzen eta alternatibak zehazten lan handia egin du. Karlos Ibarguren medikua da, EH Bilduko Osasun idazkaria eta esperientzia handiko profesionala, Osakidetza oso gertutik ezagutzen duena.
Hitzaldiaren gidaria Belen Baztarrika zinegotzia eta osasun publikoaren aldeko militantea izango da, eta euskaraz eta gaztelaniaz izango da; Zelai Arizti Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etan”.