Prozesioak eman dio hasiera Aste Santuari Legazpin
Atzo egin zuten erdiguneko kaleetan, Egiazko Gurutzearen Kofradiak antolatuta. Aurten bederatzi figura atera dituzte, prozesioaren aro berri honetako errekorra.
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Erramu igandean, atzo, egin da berriz ere Aste Santuko prozesioa Legazpin. Egiazko Gurutzearen Kofradiak antolatuta, erdiguneko kaleak zeharkatu zituen desfileak. Parrokiatik atera zen 19:00etan, eta ordu betetik gorako ibilbidea egin zuen, bertan amaitzeko berriz ere.
Aurten bederatzi irudi atzera dituzte prozesioan, orain arteko kopururik handiena. Zaldi gainean zihoazen bi erromatarrek irekitzen zuten desfilea, eta atzetik gurutzea, nazarenoz jantzitako haurrak, zutargiak, eta bederatzi irudien eramaileak joan ziren. Elizako ordezkariek eta herritarrek ixten zuten prozesioa.
Ortuko otoitza, Jesusen Zigorraldia, Nazareteko Jesus, Beronika, San Migeleko Kristo Gurutziltzatua, Magdalena Andre Maria Pietatea, Hilobi Santua eta Doloretako Amabirjina ziren kaleratutako bederatzi irudiak.
Antolatzaileek prozesioaren bultzatzaile izan zen Juanito Iñurritegi zena gogoratu zuten atzoko ekitaldian, eta haren omenez dolu xingola jarri dioten San Migeleko Kristo Gurutziltzatuari. Iñurritegi San Migel baselizaren ondoan jaio zen, izen bereko baserrian, eta mimo handiz zaindu zituen bere bizitza osoan eliza, eta Kristo Gurutziltzatuaren irudia.
Bestalde, Doloretako Amabirjinaren irudian jarritako inskripzio berria estreinatu zuten prozesioan. Felix Pinillosek egindakoa da, gaztainondo egurrarekin, eta “AM” hizkiak daramatza, Ave Maria laburbilduz.
Zozketaren irabazlea
Egiazko Gurutzearen Kofradiak egindako zozketan 1.292 zenbakia atera da saridun.