Uztalai udalekuetarako zuzendaria eta begiraleak kontratatuko ditu Legazpiko Udalak
Gaur ireki du izena emateko epea, eta apirilaren 12ra arte egongo da zabalik.
Legazpiko Udalak aurtengo Uztalai haurren udaleku irekietarako zuzendaria, begiraleak eta zaintzako begiraleak kontratatzeko deialdia egin du, eta gaur bertan ireki du izenak emateko epea. Apirilaren 12ra arte egongo da zabalik.
Ohi bezala, Legazpiko udaleku irekiak uztailean zehar egingo dira, eta Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako laugarren mailara bitarteko herriko haurrei egongo dira eskainita.
Udaletxeko arreta bulegoan izen-emate orria aurkeztuta, edo udaleko egoitza elektronikoaren bidez eman daiteke izena. Informazio gehiago www.legazpi.eus webgunean aurki daiteke. Eskatzaile guztiak 18 urtetik gorakoak izan behar dira, eta herrikoek lehentasuna izango dute.
Iazko Uztalai udalekuetan 260 haurrek parte hartu zuten, eta udalak 24 begirale eta zuzendari bat kontratatu zituen.