Ahuntz gazta, feriako kutixietako bat
Aldaba Zaharreko Nico Delsert iritsi da Ordiziara, denboraldiari hasiera emanez. Krispetak egiteko artoa saldu du Zeraingo Iñaki Intxaustik. Hurrengoa, Artzain eguneko feria izango da.
Ordiziako feria kutixiz beterik agertzen da askotan, eta gaurkoa horrelakoa suertatu da. Ahuntz gazta bereziak eta krispetak egiteko artoa izan dira gaurko kutixi nagusiak, geroz eta ugariagoa den udaberriko zizarekin batera.
Aste Santuko oporren bezperaz gozatzeko produktu bikainak izan dira horiek guztiak. Opor bezpera izateak, bestalde, eragina izan du ferian, saltzaileek esan dutenez, jendeak, kanpora joatekotan denean, ezer gutxi erosten duelako.
Jendea, ibili, ibili da Plaza Nagusian eta inguruan, eta opor giroa sumatzen zen, egia esan. Eskola umeak familiarekin ikusi bestetik ez zegoen horretaz jabetzeko. Bestela, bisitak ere jaso ditu feriak, eta D’Elikatuz zentroak Basque Culinay Center-eko Turismo gastronomikoko Master taldea gidatu du gaur postuen artean.
Aldaba Zaharreko ahuntz gazta
Aldaba Zahar kooperatibak Aldaban duen etxalde ekologikoan ekoitzitako ahuntz gaztak gaur bertan hasi du denboraldi berria, eta iaz bezala, Nico Delsert gaztagileak aurkeztu du.
Delsert berak zaindutako 60 ahuntzen esnearekin egindako gaztak dira, bi motatakoak. Batetik, laktikoak ditu, pieza txikiak, eta horien artean, freskoak daude (naturala, tomate lehorrarekin egindakoa, ezti eta limoiduna eta espezieduna, 4,5-5,5 euroan pieza), eta erdi onduak (4-7 euro artean pieza). Bestetik, prentsatutako pastarekin egindakoak ditu, gazta handiak, zatika saltzeko (30 euroan kiloa). Gaur denetik probatzeko aukera eskaini du postuan,.
Aurrerago, gazta ondua saltzen hasiko dela esan du, eta laster camembert estiloko pasta bigunekoa izango duela ere bai.
Bertako krispetak
Ahuntz gazta berriaz gain, krispetak egiteko artoa ere izan da gaurko feriak eskainitako beste kutixia bat. Zeraingo Iñaki Intxaustik zuen salgai, kiloa 10 euroan. Kilometro 0-ko krispetak egiteko aukera bikaina da hori, krispeta ekologikoak, gainera.
Udaberriko zizak ere kutixien atalean kokatu behar dira oraindik, prezioagatik. Gaur Lasak 13 kilo jarri ditu salgai (50-90), bosna kilo ziza hori eta saltsa perretxiko beltzekin (30 euroa).
Udaberria aipatuta, loreen eskaintza bete-beteak dagoela esan behar da, eta etxeak edo inguruan geranioz, margaritaz, krabelinez edo alegriaz apaindu nahi dituztenek, badute zer erosi Maria Dolores Mendizabal eta Iñaki Azanzaren postuetan. Lore moztuetan, berriz, kala da eskaintzaren erregina, eta gaur hainbat postutan izan da salgai, sorta 3 eta 5 euro artean.
Artzain eguna
Hurrengo asteari begira jarrita, apirilaren 3koa feria berezia izango da, Artzain eguna baita. Plaza barruko feriak ohiko martxa izango du, bisitari kopurua areagotuko dela kenduta.
Bestela, artisau eta jaki postu ugariz gain, bi ekitaldi nagusi izango dira feria berezi horretan: 11:00etan, mendira igoko diren artaldeak igaroko dira Ordiziako erdigunetik, eta ondoren, 11:15ean, Idiazabal gazta berriaren aurkezpena eta gazta mozte ekitaldia egingo da, Edorta Lamo sukaldariaren eskutik, udaletxean.