Hidrogenozko 42 autobus egiteko hitzarmenak lortu ditu CAFek Europan
Alemaniako Kolonia hiriko autobus zerbitzu publikoarentzat eta Frantziako Ile de France Mobilites operadorearentzat eraikiko ditu CAF-Solarisek autobusak, 2024 eta 2025 urteetarako
CAF-Solaris enpresak Alemanian eta Frantzian bi hitzarmen berri lortu ditu, hidrogenozko autobusekin Europako merkatuan duen lidergoa sendotuz. Bi herrialde horietarako 42 autobus eraikiko dituzte.
Alemaniako Kolonia hiriko garraio publikoa hornitzeko izango dira 20 autobus; horietako bederatzi, 12 metroko Urbino modelokoak, eta gainerako hamaikak, 18 metroko Urbino autobus artikulatuak izango dira. 2025eko lehen seihilekorako entrega egitea aurreikusi du enpresak. Autobus berriek, 350 kilometroko autonomia izango dute eta ekipamendu modernoa izango dute.
Horrekin, Koloniako hidrogenozko autobusen flota 84 Solaris ibilgailuk osatuko dute.
Frantziara 22 autobus
Frantziako Ile de France Mobilites operadorearentzat Solaris Urbino 12 hidrogenozko 22 autobus eraikiko dituzte. Operadore horrek abiarazi du lizitazioa, CATPren (Garraio Publikoaren Erosketa Zentrala) laguntzarekin, hidrogenozko autobusak erosi eta mantentzeko. Proiektu pilotu horren helburua da teknologiak eskualdeko garraio publikoaren sistemarako duen potentziala ebaluatzea, gaur egungo autobus flota berritzeko 2018tik egiten ari diren ekimen eta inbertsioen barruan.
Kasu horretan, CAF-Solarisek eraikiko dituen unitateak, 2024 eta 2025 urteen artean entregatzea aurreikusten da.