Legazpi, Aste Santuan bisitariak hartzeko prest
Mirandaolako burdinola eta parkea, Brinkolako Ogiaren Txokoa eta Txillida Lantokia dira Lenbur Fundazioak osatu duen eskaintzaren gune nagusiak.
Aste Santuan bisitariak hartzeko prest dago aurten ere Legazpi, batez ere Lenbur Fundazioak prestatu duen eskaintzari esker. Mirandaolako burdinola, Brinkolako Ogiaren Txokoa eta Txillida Lantokia dira eskaintza horretako gune nagusiak.
Mirandaola burdinola martxan ikusteko aukera izango da ostiralean, hilak 29, eta igandean, hilak 31. Hiru txanda izango dira aukeratzeko; 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Hiru saioetan ola pintxoa emango da dastatzera.
Bi egun horietan, gainera, Brinkolako Ogiaren Txokoa museoan bisitak eskainiko dira 11:00etan eta 16:30ean. Eta Txillida Lantokian bisita gidatua egiteko aukera ere izango da 11:00etan, eta bertan 12:30ean egingo den arte tailerrean parte hartzeko ere bai.
Jarduera guzti hauetan parte hartzeko izena eman behar da aurretik, 943 73 04 28 telefono zenbakira deituta edo mirandaola@lenbur.com helbidera idatzita.
Bestalde, Lenburrek gogorarazi nahi du Mirandaola parkean turismo bulegoa, Euskal Burdinaren Museoa, burdinezko pilotalekua, merenderoak, haurrentzako parkea eta paseoak egiteko toki aproposak daudela.