‘Alde zaharra dantzan’ ekintza sorta ostegunetik larunbatera ospatuko da
Larunbateko patata tortilla lehiaketarako izena eman behar da. Herri bazkarirako tiketak salgai daude. Ostiralean Emaneurreren garagardoaren aurkezpena izango da. Ostalarien ekimena da, alde zaharreko festen modura.
Ordiziako Ostalariek, udalaren, Ordizian elkartearen eta herriko hainbat talde eragileren laguntzarekin, Alde zaharra dantzan ekimena antolatu dute hirugarren urtez, alde zaharreko jaien modura. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute, ostegunetik larunbatera, kontzertu, aurkezpen, kalejira, kantu poteo edota jolasekin.
Ostegunean, 19:00etan, Big Bad Man talde goierritarrak kontzertua eskainiko du D’elikatuzen, Ordiziarrock-ek antolatuta. Ostiralean, Emaneurreren garagardoaren aurkezpenak irekiko du eguneko egitaraua. Amerikan Pale Ale estiloko garagardoa ondu dute, %5,4ko alkohola duena, bertako osagaiekin ekoitzia. Aurre-salmentako aleak saldu dituzte jada. Ostiralean, kupeletik edateko aukera izango da. Maiatzaren 4ko artisau garagardo azokan eta herriko taberna batzuetan ere egongo da edateko aukera.
Larunbaterako egun osoko egitaraua osatu dute. Eguerdiko patata tortilla lehiaketan parte hartu nahi dutenek Sugaar-en, Amonanen, Kukuarrin edo Kirkilen eman dezakete izena. Ondoren herri bazkaria izango da. Horretarako tiketak salgai daude Sugaar, Amonane, Leizean, Kirkilen, Urdinen, Kukuarrin edo Hakan.
Hau da egitaraua:
Apirilak 11, osteguna
19:00. Big Bad Man taldearen kontzertua, D’elikatuzen.
Apirilak 12, ostirala
19:00. Emaneurre garagardoaren aurkezpena, D’elikatuzen.
Ondoren. KantaAZAK, Bentazaharreko Mutiko Alaiekin, D’elikatuzetik.
Iluntzean. Afari eskaintza gaztetxean.
22:30etik aurrera. Stepi Selektah eta Calde Selektah, gaztetxean.
Apirilak 13, larunbata
11:00. Umeentzako jolasak, Plaza Nagusian.
12:00. Patata tortilla lehiaketa, Plaza Nagusian. GOIBEko Iraitz, Maide eta Sustrai bertsolariak bertsotan.
14:30. Herri bazkaria frontoian.
18:00. Burrunbazale txaranga herriko kaleetan kalejiran.
23:00. Moonshine Wagon eta The Soulanders taldeen kontzertuak, Plaza Nagusian.