Bi udaltzain zauritu dira suzko arma batekin tiro eginda Beasainen
Beasaingo Udalak argitu du "lan istripua" izan dela. Agenteetako batek ebakuntza behar izan du belaunean. Bi agenteak arriskutik kanpo aurkitzen dira. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Bi udaltzain zauritu dira suzko arma batekin tiro eginda Beasaingo udaltzaingoaren komisarian. Beasaingo Udalak argitu du, “lan istripua” izan dela. Bi udaltzainen osasun egoerari buruz azaldu dute “zauri arinak” dituztela. Agenteetako batek eskuan du zauria, eta besteak belaunean. Azken horrek, ebakuntza behar izan du eta ospitalean dago, baina arriskutik kanpo aurkitzen da.
Igande eguerdian gertatu zen gertakaria eta abisua jaso bezain pronto bertaratu ziren osasun zerbitzuak. Ertzaintza ere bertaratu zen eta gertakaria argitzeko ikerketa zabalik du.
Azarotik armarekin
Beasaingo udaltzainek suzko arma eramaten hasi ziren azaroan. Udaltzain guztiek armak erabili ahal izateko oinarria EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai batek ezarri zuen 2019an. Honela eta azken dekretuak agindutakoa betez, udaltzain guztiek derrigor daramate suzko arma bere lan eta eginkizunen betekizunean, segurtasunerako eta prebentziorako tresna gehigarri bezala.
Igandeko gertakaria, armen erabileraren derrigortasuna indarrean sartu eta hilabete gutxira gertatu da.