EAJko hautagaiek Arcelorreko eremuari bultzada irmoa emateko konpromisoa adierazi dute
Markel Olano eta Xabier Barandiaran hautagaiak Zumarragan izan dira.
Markel Olano eta Xabier Barandiaran, Eusko Legebiltzarrerako EAJren Gipuzkoako hautagaitzako kideak, Goierriko kide eta kargudun publikoekin elkartu ziren ostegunean Zumarragan, apirilaren 21eko hauteskundeetarako kanpainaren hasierarekin batera. Kanpaina horretan, EAJk Imanol Pradales Gil aurkezten du lehendakarigai bezala, Indar Berria lemapean. Urretxura eta Zumarragara egindako bisitan, Olano eta Barandiaran bat etorri ziren garapen ekonomikoaren eta kalitatezko enplegu gehiago sortzearen aldeko apustua egiteko garaian. Arcelorreko eremua garatzeko konpromisoa azpimarratu zuten, eskualde osoko industria suspertzen eta garatzen laguntzeko giltzarria izan daitekeela aipatu zuten.
Olanok eta Barandiaranek EAJk egindako lana goraipatu zuten. “EAJk gobernatzen dituen erakundeek egindako kudeaketa diskretu bezain eraginkorrari esker, eskualdean erabili gabeko lurzoru industrialaren erosketa nabarmena egin da 2018 eta 2021 artean. Horien artean daude, esate baterako Sidenorreko (90.000 metro koadro) eta SFPko (10.000 metro koadro) instalazio zaharrak Legazpin, Sarraldekoa (10.000 metro koadro) Urretxun eta Arcelor Mittalekoa (150.000 metro koadro) Zumarragan. Urola Garaiak etorkizuneko aukera paregabea du espazio horietan, industria berria erakartzeko eta bertako biztanle guztiei onura ekarriko dieten lanpostu berriak sortzeko”, adierazi zuen Olanok.
Ekitaldian Jon Luqui alkate urretxuarrak eta Daniel Jimenez zinegotzi zumarragarrak ere parte zuten, EAJko beste hainbat kide, kargudun publiko eta alkate goierritarrekin batera.
Arcelor Mittaleko eremua berreskuratu eta biziberritzeko prozesua abian dela, eta, “konplexua izanagatik ere”, eskualdearekin duten konpromisoa azpimarratu nahi izan zuten EAJko ordezkariek. “Jarraitu beharreko bidea hirigintza eta ingurumen araudiek markatzen dute, betiere horretarako ezarritako legedi eta epeak jarraituz. Area hau 2024tik 2027ra bitartean konpontzeko eta urbanizatzeko lanak egiteko, 15.213.686 euro ditu hitzartuta egungo Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia sailburuak gidatutako Ekonomiaren Garapeneko departamentuaren bitartez”.
Olano eskualdeko biztanleen bizi kalitatea bermatuko duten proiektu aurreratuak erakartzearen alde azaldu zen. “EAJk beharrezko hirigintza tresnak onartzearen alde egingo du, proiektu bideragarriak eta ingurumenaren aldetik seguruak erakartzeko, aberastasuna eta kalitatezko enpleguak sortuko dituztenak. Tokiko, eskualdeko eta eskualdez gaindiko eragile guztiekin batera lanean jarraituko dugu, Zumarragaren eta eskualde osoaren etorkizunerako funtsezkoa den industria eremu honetarako konponbide eta proposamen bideragarriak eskainiz”.
Olanok herritarrak bozka ematera animatu zituen. “Parte hartze maila erabakigarria izango da apirilaren 21eko hauteskundeetan. Izan ere, inkesten arabera, lehendakaritzara iristeko aukera duten bi alderdi handien –EAJ eta EH Bildu– arteko aldea estua izango da. Herritarrak modu masiboan parte hartzera animatu nahi ditugu. EAJk garapen ekonomikoa, enplegua eta ongizatea bermatzen dituen eredua eskaintzen dio gizarteari. Herritarrek erabaki beharko dute aurrerapen industrialaren eredu baterantz aurrera egiten jarraitu nahi duten ala, aitzitik, enpresarekiko mesfidantza besterik erakusten ez duten mugimendu politikoekin batera, atzerapausoak eman nahi dituzten”.