Sergio Trigok irabazi du Euskadiko Xake Txapelketa
Legazpin jokatu da, joan den asteko asteazkenetik igandera bitartean, herriko Santikutz xake klubak antolatuta. Markel Vesga legazpiarra 14. postuan geratu da. Euskal Herriko 24 xake jokalari onenek parte hartu dute.
Sestaoko (Bizkaia) Sergio Trigo da Euskadiko xake txapeldun berria. Legazpin lortu du titulua, joan den asteko asteazkenetik igandera bitartean jokatu den 37. txapelketa irabazita. Herriko Santikutz klubak antolatuta, euskal xake federazioaren eta Legazpiko Udalaren laguntzarekin egin da txapelketa, eta bertan Euskal Herriko 24 xake jokalari onenek parte hartu dute.
Partida guztiak Agirre-etxeberrin jokatu dira, asteazkenean hasi eta atzoko finaletaraino. Torneoak zazpi erronda izan ditu, eta guztira 84 partida jokatu dituzte. Haurrentzako txapelketa bat ere jokatu da.
Trigo, irabazle
Sestaoko klubeko Sergio Trigok lortu zitzakeen 7 puntuetatik 5,5 lortuta jaso du txapeldun titulua. Irabazlea ez zen erabaki zazpigarren eta azken errondara arte. Faboritoen artean zazpigarren postuan zegoen Trigo, baina aurretik zituen guztiak gainditzea lortu zuen.
Bigarren postuan Donostiako Gros xake taldeko Iñigo Argandoña sailkatu da, hirugarrena Portugaleteko Salvador Gabriel del Rio izan da, laugarrena Portugaleteko Juan Manuel Ruiz, eta bosgarrena Groseko Paul Velten. Santikutz klub antolatzaileko ordezkari bakarra, Markel Vesga, hamalaugarren postuan sailkatu da 3,5 punturekin, eta 18 urtez azpiko jokalari onenen saria jaso du.
Hilaren 4an, osteguna, jokatu zen haurren txapelketa, berriz, Oñatiko Iker Lasak irabazi zuen, eta bigarren eta hirugarren Jon Arregi eta Niko Regueiro izan ziren, hurrenez hurren. Hiru jokalariak oñatiarrak dira, eta Urgain eskola publikoan jasotzen dituzte xake klaseak Santikutz klubeko kideen eskutik.
Antolatzaileak, pozik
Antolatzaileak oso pozik geratu dira txapelketarekin. Parte hartzaileak Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako punta-puntako xakelariak izan dira, eta horien artean xakeko maila gorena adierazten duen Maisu Handia titulua duten hiru jokalari zeuden. Gainera, lau Nazioarteko Maisu (bigarren maila) eta hiru Fide Maixu (hirugarren maila) ere izan dira, uneko jokalari gazte onenekin batera.
Goi mailako partaidetzarekin batera, xakea legazpiarrei gerturatu izana nabarmendu dute antolatzaileek, asteazkenetik igandera bitartean publiko ugari pasatu delako Agirre-etxeberritik partidak ikustera. Gainera, internetez ere eman dituzte, eta ikusle asko izan dituzte.
Agirre-etxeberritik kanpo ere izan du oihartzuna txapelketak, herriko hainbat komertziotan eta udal eraikinetan xake pieza erraldoiak izan direlako ikusgai egun horietan. Gainera, partaideak Mirandaolan izan ziren hilaren 5eko goizean, burdinola ikusten. Santikutz klubak eskerrak eman nahi dizkie xake pieza erraldoien erakusketa berezi horretan parte hartu duten guztiei, baita txapelketa aurrera eramaten lagundu dieten Aitxuri, Katilu, Hotel Mauleon, Sustrai fruta denda, Ogiberri Kale Nagusia, Urdangarin burdindegia, Attiko eta Lenbur Fundazioa babesleei ere.
Ohorezko zazpi sake
Santikutz xake klubak 40 urte betetzen ditu aurten, eta urteurren horrek izan du tokia txapelketan. Hala, klubaren historian leku esanguratsua izan dutenei ohorezko sakeak egiteko gonbita luzatu dizkiete. Erronda bakoitzeko ohorezko sake bat egin da.
Txapelketa ireki zuena Josu Galilea kirol zinegotzia izan zen, berak egin baitzuen ohorezko lehen sakea lehen errondan.
Bigarren errondako ohorezko sakea Ricardo Burguerak egin zuen. Legazpi Xake, Legazpiko lehen xake taldearen lehendakaria izan zen Burguera.
Ketxus Amenabarren egin zuen hirugarren ohorezko sakea. Goierri Xake taldeko gaurko ordezkaria da. “Betidanik elkarlanean aritu gara Santikutz eta Goierri. Santikutz sortu aurretik Goierri B, Goierriko bigarren talde bezela hasi ginen ligan jokatzen”.
Laugarren sakearen egilea Txelu Fernandez izan zen. Anaitasuna Kakute taldeko lehendakaria da, “Santikutz taldea hainbat alditan lagundu duena. Bai Txelukin eta bai Anaitasunarekin oso harreman ona izan dugu beti”.
Gurutz Larrañagak egin zuen bosgarren ohorezko sakea. Legazpi Xake, Legazpiko lehen xake taldeko dinamizatzailea eta “jokalari hoberenetako bat” izan zen Larrañaga.
Ohorezko seigarren sakearen arduraduna Ibon Martin izan zen, Abadiño Xake Taldeko jokalaria da, eta Santikutzeko jokalariei hainbat klase emandakoa; “Guretzat oso garrantzitsua izan da bere laguntza”.
Azken sakea Patxi Imazek egin zuen, atzo. Santikutz Xake Taldearen sortzaileetako bat da, eta ordutik, bere lehendakaria. “Beti egon da hor, eta beti bilatu du Santikutzendako hoberena. Patxiri esker jarraitzen du klubak, eta dagoen tokira heldu da”. Klubak omenaldi hunkigarria egin zion Imazi, Jon Mendiluzek idatzitako bertso batekin, eta Errealeko entrenatzaile Imanol Alguacilen mezu bat zuen bideo batekin.
ARGAZKIAK: David Llada