Amatasuna kontzienteki bizitzeko gonbita luzatu du Victoria Bosc terapeutak
Amatasuna kontzienteki bizitzeko gida azkarra ondu du Bosc-ek eta horretan oinarrituta aurkezpen-tailerra egingo du Beasaingo Argia espazioan, ostiralean. Aldez aurretik izena eman behar da.
Amatasunera jauzia eta amatasuna bera era kontziente batean bizitzeko gida ondu du Victoria Bosc-ek (Jujuy, Argentina, 1981). Terapeuta eta ama da, eta urteotan bildu duen esperientziatik eta jakintzatik osatu du lana. Beasainen izango da ostiralean, aurkezpen-tailerra egiten, ama diren eta ama izan nahi duten emakumeei zuzenduta.
Maider Zabaleta Galarraga lagun eta Giza Biografiako lankidearen eskutik antolatu dute tailer honen helburua da «emakumeok jabetzea gure haurtzaroak zenbat baldintzatzen gaituen gure seme-alabak hezterako bidean, baita amatasunaren bizipenean ere», azaldu du Victoria Bosc-ek. «Ama kontziente bat, bere burua ezagutzen duen eta, beraz, berarentzat eta bere haurrarentzat erabakirik onenak har ditzakeen emakume bat besterik ez da», gehitu du gidaren egileak.
«Geure burua ez ezagutzeak, besteak beste, amatasun bat bizitzera garamatza, ama izateko dugun desiotik urrun, azkenean mundu guztiak egiten duena edo nigandik espero dena egiten baitugu», nabarmendu du terapeutak. «Gizartearentzat ama funtzional bihurtzen gara, ez gure haurrarentzat, eta gure semearekiko loturan, pixkanaka, distantzia bat sortzen hasten da. Sentitzen hasten gara ez dugula ulertzen, ez dakigula zer nahi duen, edo zergatik negar egiten duen, ez duelako lorik egiten edo ez duelako jaten…», kontatu du Bosc-ek ama den aldetik.
Tailer honetan «berriz konektatzera» gonbita luzatuko du. «Barne-konexioaren bideari berriro ekiteko galdu zenuen puntu horretara itzultzera, Guia rapida para la madre consciente nire liburua oinarritzat hartuta». Liburua eskuragarri izango da ostiraleko saioan.
Izen ematea
Beasaingo Argia espazioan izango da hitzordua, 18:00etatik 20:00etara. Tailerrean parte hartzeak 20 euroko kostua du, eta izena eman behar da victoria@victoriabosc.com epostara idatzita edo 630 661 445 telefonora deituta