Babak ere iritsi dira, ilarrei lagun egiteko
Aurreko astean iritsitako lehen onddoekin, perretxiko denboraldia gorputza hartzen doa. Barcina hasita dago, eta hurrengo astean Barandiaran hasiko da. Zizak erosteko aukerarik ez da faltako.
Udaberria aurrera doa, eta udaberriarekin batera iristen diren produktuak ugaritzen ari dira Ordiziako azokan. Gaur bertan iritsi dira azkenak, aire libreko babak. Perretxikoen eskaintza ere handitzen doa astetik astera, eta aurreko astean hasitako Barcinari, Garbiñe Barandiaran gehituko zaio hurrengoan. Lasarekin batera, hiru saltzaile izango dira datozen asteetan, eta perretxikoak erosteko aukerarik ez da faltako, batez ere zizak.
Izan ere, zizen eskaintza geroz eta handiagoa da, eta gaur 160 kilo jarri dituzte salgai Barcinaren eta Lasaren artean. Horiei, plaza barruan saldu diren hiru kiloak gehitu behar zaizkie, Altzagakoak batzuk, Aramako Patxi Arizmendirenak besteak. Eta prezioa, eskaintza zabaltzearekin batera, jaisten doa: gaur kiloa 12 eta 60 euro artean saldu dute.
Perretxiko gehiago ere izan dira salgai, eta horien artean onddoak aipatu behar dira. Joan den astean aurkeztu zituzten denboraldiko lehenak, eta hemendik aurrera ez dira faltako ferian. Gaur Barcinak zituen bakarrik, hiru kilo, 33 eta 38 euro artean kiloa. Gainera, 14 kilo ziza hori ere jarri dituzte salgai, kiloa 20 eta 26 euro artean.
Aire libreko baba
Baina feriako protagonista baba izan da. Asteak dira ilarra iritsi zenetik, eta babaren zain zegoen jendea. Azkenik iritsi da, aire librekoa, eta besteak beste, Maria Jesus Oriak, Zurutuza ahizpek eta Patxi Arizmendik eskaini dute, kiloa 4 eta 7 euro artean. Hasi berria besterik ez da, eta datozen asteetan izango da aukera.
Babarekin batera, aire libreko ilarra ere aipatu behar da. Orain arte negutegikoa izan da bakarrik salgai, baina eguraldiak pixka bat lagundu dielako, aire librekoak ere hasi dira. Maria Jesus Oriaren postuan zegoen salgai, kiloa 10 euroan. Gaur egin duena baino tenperatura epelagoa behar omen du ilarrak, baita babak ere, eta datozen egunetarako dauden aurreikuspenei kasu egiten bazaie, hurrengo asteazkenean askoz ere gehiago izango dela pentsa daiteke.
Landareak eta loreak
Eguraldi hobea behar du baita ere baratzak, eta pronostikoak ikusita, jendea animatu da lanerako, landare saltzaileen postuak ikustea besterik ez zegoen gaur goizean. Iguategi, Montes eta Waqar Ahmed geratu gabe ibili dira ia goiz osoan zehar, saldu eta saldu. Barazki landareen eskaintza osatuta dago dagoeneko, eta denetik dute aukeran: tomatea, piperra, kuia, kuiatxoa, luzokerra, tipula… Gaurtik leka landareak ere erosi daitezke, motzak eta luzeak, 0,20 eta 0,40 euroan bakoitza.
Loreen salmenta ere martxa onean doa, eguzki izpiak ikusita, gustuko izaten duelako jendeak etxerako geranioak, surfiniak, begoniak eta abar eramatea. Horiekin batera, margaritak (5-9 euro), tajeteak (1,5 euro), calibrachoeak (6,5 euro) edo bidensak (3,5 euro) ere erosi daitezke.
Lore moztuak ere aipatu behar dira. Kalak ugari daude oraindik, baina iris eta fresiaz osatutako sortak ere erosi daitezke Zurutuza ahizpen postuan, 5 euroan.
Kanpoko produktuen artean zainzuria da azken asteetan nagusi, zuria, eta gaurtik aurrera, baita berdea ere. Zuria 4,5 eta 6,9 euro artean dago, eta berdea (edo Triguero), 4,5 euroan.
Azoka, eskubaloiaren promozioan
Gaurkoan ere izan dira bisitariak Ordiziako azokan, Iruñeko Pico de Orhi jubilatu elkarteko 60 lagun batetik, eta Goierri Lanbide Eskolako sukaldaritza eskolako ikasleak bestetik.
Denak dira bisitari bereziak, baina gaurkoan bereziagoak izan dira, eta feria eskubaloia promozionatzeko baliatu duen talde bat ibili da goiz osoan zehar bideo bat grabatzen. Hain zuzen, Donostian maiatzaren 10etik 12ra jokatu den Erreginaren Kopako azken fasea promozionatzeko bideoa grabatzen jardun dute, eta bideo horrek luxuzko protagonista bat izan du, momentuz txapelketako final laurdenetarako sailkatuta dagoen Bera Bera taldeko Laura Hernandez nazioarte mailako jokalaria.